Berandu, hotza, zaporerik gabea, anoa txikiak… Horiexek dira, beste hainbaten artean, Nafarroako Ospitaleen Gunean jangela zerbitzua pribatizatu zenetik entzun daitezkeen kexetako batzuk. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aitortu du arazoak izan direla, baina horiek tajutzen ari dela dio. Besteak beste, jangeletako langile batzuk boikota egiten ari direla salatu zuen astelehenean Nafarroako presidente Yolanda Barcinak.
“Behin baino gehiagotan egon da nire senarra Bideko Amaren erietxean ospitaleratuta, eta inolako zalantzarik ez dut, lehen janaria askoz hobea zen”, dio Elena Urrozek. Urologia unitatean dago joan den astetik Urrozen senarra, eta, ohartarazi duenez, behin baino gehiagotan afaldu gabe gelditu da, “janaria jateko modukoa ez zelako”. Haserre dago Urroz: “Dozenaka gaixoren osasuna dago jokoan; gobernua ez al da horretaz ohartzen?”.
Hala eta guztiz ere, bada bestelako egoera bizi duenik ere. Estitxu Urriza astelehen goizaldean erditu zen. Igande gauean iritsi zen Bideko Amabirjinako ama eta haurren unitatera. Dioenez, berak ez du janariarekin inolako arazorik izan. “Garaiz iritsi da bai bazkaria eta bai afaria ere”, dio astelehenari erreferentzia eginez. Hala ere, bazkarirako ekarri zioten lehenengo platerak —barazki salda— ez zuela batere itxura ona eta senarrari eman ziola aitortu du, hark gustura jango zuelako.
Gaur hamabi egun beteko dira Mediterranea de Catering enpresa pribatua Nafarroako Ospitaleen Guneko kudeaketaz arduratzen dela. Denbora horretan kexak eta salaketak bolo-bolo ibili dira. Gaixoez gain, langileak ere “haserre” agertu dira lan baldintzengatik. LAB sindikatuak, esaterako, Mediterranea de Catering salatu du Lan Ikuskaritzan, langileek “tratu txarra” jasotzen dutela eta. Dagoeneko, gaixo agiria hartu behar izan dute sukalde zerbitzuetako bi sukaldari laguntzailek, lan baldintza gogorrek eragindako “estresa” dela eta.
Osasun Departamentuak iragan urtean jakinarazi zuen erietxe publikoetako jangela zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku utziko zuela gastua murrizte aldera. Urtarrilaren 21ean bere gain hartu zuen Mediterranea de Cateringek Bideko Amaren erietxeko jangelako kudeaketa. Jangelako langileek jakinarazi dutenez, gaurtik aurrera Ubarmin eta Nafarroako erietxeaz ere arduratuko da.
Lan egiteko sistema berria
Janariarekin urtarrilaren 21etik aurrera izan dira arazoak, lehenengo egunetik alegia. Ordu arte, Bideko Amabirjina erietxeko jangelak ia modu pertsonalizatuan lan egiten zuen. Izan ere, bertan egunean eguneko janaria ekoizten zuten. Orain, ordea, lerro hotzaren bitartez ekoizten dituzte janariak. Hala, elikagaiak ekoitzi eta izoztu egiten dira, gero berotu behar direnerako, erretilu batzuetan berotzeko.
Baina, sarritan, gaixoei beroak behar luketen elikagaiak hotzak iritsi zaizkie. Ramon Aranberriren kasua da hori. Diabetikoa da, eta, jakinarazi duenez, joan den ostiraleko bazkarian jogurta beroa iritsi zitzaion. “Nire kasuan, diabetikoa naizenez, elikadura izugarri garrantzitsua da, eta jangelan egin diren aldaketekin askotan ez naiz jaten dudanaz fio”, dio haserre Bideko Amaren erietxeko kanpoaldean airea hartzen duen bitartean. Gainera, intsulina jandakoaren arabera hartzen duela ohartarazi du.
Bi aste hauetan sortu den polemika eta zalaparta dela eta, Mediterranea de Cateringek neurriak hartu ditu, eta bi sukaldari laguntzaile kaleratu ditu, nahiz eta Osasunbideko zenbait langilek salatu duten arazoa jangelako arduradunek egindako eskarietan dagoela. Nafarroako Gobernuak ere errua langileei bota die, enpresa pribatuari “boikota” egiten ari direla esanez.
Argi dagoena da Bideko Amaren erietxean gaixo asko eta asko ez daudela batere gustura egiten dituzten jatorduekin. Hala, Lehen Mailako Arretako unitatean erreklamazioak egiteko orriak amaitu dira, eta erizainak berak ari dira erreklamazio orriak fotokopiatzen.