Krisiaren aurka, alternatibak

Herritarren etxea da Burlataenea. Burlatar guztien topalekua. Herritarren artean sortua da, eta giza sareak eratu nahi ditu, krisiari aurre egiteko. “Gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakutsi nahi dugu”, azaldu du Oihana Perez Burlataeneko kideak.

“Ezinegon orokorraren” ondorioa da Burlataenea. “Hutsune bat ikusten genuen Burlatan, eta hori bete nahi dugu; horretaz gain, oso bereizita daude kolektiboak herrian, baina guztiok kezka berak ditugu, bai elkarteek baita norbanakoek ere”. Guztien artean dituzten ezaugarri komunak abiapuntu hartuta, elkarren artean lan egin nahi dute. “Udalak ematen dituen irtenbideez gain, alternatibak badaudela ikusarazi nahi dugu”. Azaldu duenez, gizarte zerbitzuetara jotzea da udalak eskaintzen duen aukera bakarra.

Oraindik ez dute lokalik, baina laster izanen dutela ziurtatu du Perezek. Horretan dabiltza buru-belarri. “Irailaren 21ean, Caritasek herrian duen lokala okupatu genuen. Hutsik zegoen, baina egun berean bota gintuzten handik; Caritasek ez zigun utzi hor geratzen”. Buruan dute, hala ere, eraikin bera eskuratzea. Izan ere, Caritasek Burlatako Udalarekin trukea eginen du. Udalak eskuratuko du Caritasen eraikina, eta horrek lursail bat eta beste lokal bat jasoko du trukean. “Oraindik tramiteak egiten ari dira, baina dagoeneko harremanetan gaude udalarekin”, gaineratu du Gorka Etxabe elkarteko kideak. Burlataren erdian dago eraikina, eta hiru solairu ditu. “Guretzat ezin hobea da. Lorategia eta haurrentzako jolastokia du; jangela eta sukaldea”.

Haien asmoak aurrera eramateko oso egokia da. Gizarte baratzeak eta denboraren bankua sortu nahi dituzte, besteak beste. “Autokontsumoa bultzatuz, herrian gizarte baratzeak egin nahi ditugu, langabezian dagoen jendeak bertan lan egiteko eta baratzearen inguruan ikasteko ere bai”, jakinarazi du. Ezagutzak trukatuko dituzte denboraren bankuan. Adibidea jarri du Perezek: “Nik josten badut, nire denbora eskainiko diet gainerako herritarrei josten irakasteko, tartean dirurik egon gabe”. Horretaz gain, otsailean eta martxoan sexuari buruzko tailerrak antolatuko dituzte.

Burlatako elkarte eta kolektibo gehienen babesa jaso dute. Hasieratik egon ziren proiektuan herriko Gazte Asanblada eta langabeen elkartea, adibidez. “Guztiekin egon nahi dugu, horrela indar gehiago izanen dugulako”. Gainera, jakinarazi dutenez, kolektibo batzuek ez dute lokalik, eta Burlataenean tokia eskuratuko lukete. “Udaberrirako edo udarako espero dugu lokala lortzea”, adierazi du Perezek, baikor.

Burlataeneak adin guztietako pertsonak biltzen ditu; bai gazteak, bai helduak, baita zaharrak ere. “Horrek aberastasuna ematen dio elkarteari; bakoitzak bere ideiak eta kezkak ekartzen ditu gurera”. Gogora ekarri du Etxabek abenduan egindako sortze batzarra. “Jende asko bildu ginen, eta oso dinamikoa izan zen; norberak bere nahiak eta kezkak azaldu zituen”.