Gaur 18:00etan aurkeztuko dute Nafarroan Korrika 18, Iruñeko alde zaharreko Antzerki Eskolan. AEK-k kazetarientzako soilik izan ohi den ohiko prentsaurrekoaren moldetik atera nahi du eta herritar guztientzako aurkezpen festa antolatu du, “modu erakargarriagoan” ezagutarazteko aurtengo Korrikaren xehetasunak. Komunikabideez eta herritarrez gain, Iruñeko hautetsi eta Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide guztiei, eremu guztietako alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei egin diete gonbita. “Arlo guztiak barnebildu nahi izan ditugu, eta ate guztiak jo ditugu, printzipioz ate guztiak irekita dauden itxaropenez”, azaldu du Asier Biurrunek, antolatzaileetako batek. Izan ere, Korrikak “izpiritu irekia eta zabala” duela nabarmendu du.
Aurkezpen ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da. Areto nagusiak 400 lagun inguru biltzeko ahalmena du. “Ea txiki geratzea lortzen dugun”, aipatu du Asier Biurrunek. Ekitaldi guztia AEK-ko bi irakaslek gidatuko dute.
Korrikarako espresuki diseinatutako arropa eta osagarriak erakutsiko dituzte desfile berezi baten bitartez. Pertsona ezagunek eramango dute arropa soinean. Besteak beste, desfilean parte hartuko dute Lagunak emakumezkoen futbol taldeko jokalarietako batzuk, Peio Martinez Eulate Bilduko Iruñeko zinegotzi eta pilotari ohiak, Andrea Barno eskubaloi jokalariak, Pello Reparaz Vendetta musika taldeko kideak, Aritz Intxusta Gara-ko kazetariak eta Maria Goñi artistak. Pertsona ezagunen arropa desfilea Korrikari atxikipena azaltzeko modua izango da. Gerora, arropa hori AEKren euskaltegietan eta hainbat dendatan egongo da salgai: Iruñeko Karrikirin, Lizarrako Gothykan, Elizondoko Kattalingorrin eta Altsasuko Iker Kirolak dendan.
Aurtengo Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka ikasle omenduko ditu, eta aurkezpenean “zerbait berezia” egingo dute. Hala aurreratu du Asier Biurrunek. Helios del Santo Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak hartuko du hitza eta “omenalditxo bat” egingo diete ikasleei.
Bideo emanaldia
Aurreko astean ezagutzera eman zenez, bideo bat prestatu dute Korrika 18ari begira. Bertan, zazpi ikaslek erdal munduan “erreferente” diren pertsona ezagun zenbaiti elkarrizketa egiten diete: Unax Ugalde aktorea, Arantza Urretabizkaia idazlea, Karlos eta Eva Argiñano sukaldariak, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Ana Urrutia aurkezlea, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza dira elkarrizketatuak. Larunbatean, Usurbilen bideoaren pasarte batzuk eskaini baziren ere, gaur pasarte zabalagoak erakutsiko dituzte. Elkarrizketa horietan, gainera, Nafarroako ikasle batzuk ere parte hartu dute.
Korrika martxoaren 14an hasiko da Andoainen eta 24an bukatuko da Baionan. Nafarroatik egingo duen igarobidearen berri ere emango dute gaur: nondik nora ibiliko den eta zein ordu eta egunetan igaroko den herri eta auzo bakoitzetik.
Amaieran, musika emanaldi bat egongo da, baita mokadu batzuk hartzeko aukera ere. Saioak ordu eta erdi inguru iraungo du, eta ondoren, Terminal tabernan jarraituko du ospakizunak.