“Euskararen normalizazioan ezinbestekoak dira Xorroxin bezalako hedabideak”

Xorroxin elkarteko lehendakaria eta izen bereko irratiko esataria da Mari Karmen Irungarai (Azpilkueta, 1959). 1981. urtean sortu zen Xorroxin irratia. 1998. urte arte ez zuten lizentziarik lortu, eta hura Lesakarako bakarrik. Hala ere, egun Zugarramurdi, Urdazubi, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietan entzuten da. Joan den astean jakin zuten Baztan eta Beran emititzeko lizentzia eman diela Nafarroako Gobernuak. Deialdi horretan, lizentzia lortu duen euskara hutseko irrati bakarra izan da Xorroxin.

Baztanen eta Beran emititzeko lizentzia eskuratu berri duzue. Nola hartu duzue Nafarroako Gobernuaren erabakia?

Iaz atera zuen Nafarroako Gobernuak lehiaketaren deialdia, eta hor jakin genuen Baztanen eta Beran lizentzia eskuratzeko aukera zegoela. Baztanen duela 33 urte hasi ginen lanean; Bortzirietan apur bat geroago. Deialdia atera zutenean erabaki genuen inolako zalantzarik gabe bi deialdi horietara aurkeztea. Bi proiektu aurkeztu genituen, bat Baztanerako eta bertzea Berarako. Egia erran, pozik gaude.

Urte luzez lizentziarik gabe lan egin behar izan duzue. Zein zailtasun eragin dizkizue egoera horrek?

Lizentziarik eduki ezean ezin da Nafarroako Gobernuko diru laguntza deialdietara aurkeztu. 1998an Lesakako lizentzia lortu genuen. Orduan, lizentzia horri esker, aurkeztu gara hainbat diru laguntzen eskaeratara. Hau azkenean katea da. Lizentziarik ez bada, ez dago inolaz ere diru laguntzak eskuratzeko aukerarik. Hori lortu izanak administrazioaren bidetik izugarri lagundu digu.

Orain arte egindako lana aintzat hartu dutela erakusten dute eman berri dizueten lizentziek, ezta?

Lanean jarraitzeko segurtasuna ematen du. Irratiak 33 urteko ibilbidea eginen du heldu den urtean, eta azken bi lizentzia hauek egoera normalizatzen lagunduko digute. Badakigu orain arte herritarren estimazioa badugula, baina honek erakusten du administrazioak onartu duela zer-nolako lana egiten dugun. Euskararen normalizazioan beharrezkoak dira gurea bezalako hedabideak.

Lizentzia lortu duen euskarazko irrati bakarra da zuena. Zer iritzi duzu auzi horren inguruan?

Euskara hutsean aritzen garen bi irrati aurkeztu ginen lehiaketara, Iruñerriko Euskalerria irratia eta gu. Euskalerria irratia gabe utzi dute. Beste behin, zokoratu egin dute eta, hein berean, euskaldunak; kontuan hartu behar da, Iruñerria dela euskaldun gehien bizi den eskualdea. Tamalgarria da gobernuaren jarrera.

2008tik Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik ez duzue jaso.

Egia da, Nafarroako Gobernutik 2008tik ez dugu sosik jaso. 2012a arras urte zaila izan da. 2013an ere ez direla gauzak erraztuko iruditzen zait. Xorroxinek inbertsio plan zenbait baditu, eta lizentziek inbertsioak egiteko beharra ekarriko dute. Guk orain emititzen dugun frekuentzia eta lizentziarekin emango digutena ez dira berberak. Aldaketa batzuk eta inbertsio batzuk egin beharko ditugu. Ea ahalik eta inbertsio gutxienarekin posible den. 2013ko aurreikuspena zaila da. Aspalditik eskatu diogu Nafarroako Gobernuari urte sorta baterako hitzarmena adostea euskarazko komunikabideekin, baina ez du horretarako borondaterik.

Hitzarmen hori erdietsiz gero, egonkortasuna lortuko litzatekeela iruditzen zaizue?

Nire ustez, bai. Orain arte bezala ez dugu funtzionatzen ahal. Ez dakigu 2013an zer helduko den. Guk gure plangintzak eta aurreikuspenak egin behar ditugu. 2008tik honat ez dugu Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jaso, eta, beraz, egoera nahiko larria da. 2013 honetan esfortzu handia egin behar du lantaldeak irratiari eusteko. Aldaketa batzuk eginen ditugu aitzinerat ateratzeko. Bertzalde, eskertzekoa da herritarren eta enpresen laguntzak. Jaurlaritzak ere diruz laguntzen gaitu, nahiz eta urtez urte diru saila murrizten ari den.