“Ideia bat baduzu, etorri New Yorkera; ederki hartuko zaituzte”

Bihar arte egonen da Maite H. Mateoren (Iruñea, 1978) erakusketa ikusgai Iruñeko Konestable jauregian. Maputxeen argazkiak paratu ditu Mateok. Hilabete bat egon zen haiekin Argentinako Neuquen eskualdean, maputxeen errealitatea eta egiten ari diren borroka islatzen. Erakusketaren aurkezpenean egon zen Mateo Iruñean, baina dagoeneko itzuli da New Yorkera (AEB) , duela sei urte han bizi baita.

Txikitatik atsegin du Mateok argazkigintza. “Bi anaia zaharragoak ditut, eta konturatu nintzen haiek nik baino askoz argazki gehiago zituztela”. Aitari kamera kendu, eta argazkiak ateratzen hasi zen. “Geroago, lehengusuak nire lehenengo kamera oparitu zidan”. Ordutik, ez du atseden hartu. Arte Ederrak ikastera joan zen Bilbora, baina pintura landu zuen. “Inoiz ez nuen pentsatu argazkilaritza nire ogibidea izanen zenik, baina egun batean konturatu nintzen margotzea baino argazkiak ateratzea nahiago nuela”. Orduan erabaki zuen New Yorkera joatea. Kazetaritza argazkigintzan graduatu zen New Yorkeko Nazioarteko Argazkigintza Zentroan, eta, egun, han eta hemen freelance gisa aritzen da. “Ez da lanbide erraza, baina gustuko dut; egun osoz hiriko historiak bilatzen aritzen naiz”. Gizarte gaiak izaten dira haren lanaren ardatz. Gero, egunkariei bidaltzen dizkie, eta erantzunaren zain gelditzen da. “Askotan ez dizute ezta erantzuten ere”.

New Yorken Sandy urakanak utzitako hondamendia egunez egun jarraitu zuen, eta Wall Street Journal-en publikatu zizkioten bere argazkiak. Argazkiekin batera testua bidali zuen, baina kazetari batek Mateoren testua bere egin, moldatu eta bere izenean sinatu zuen. “Horrelakoa da hemen kazetaritza”, aitortu du. New Yorkeko hedabideez gain, hemengo egunkarietara argitalpenak bidali ditu Mateok. “Askotan esaten didate nire argazkiak publikatuko dituztela, baina gero agentzietakoak jartzen dituzte; merkeago ateratzen zaie”.

Orain, beste proiektu bat du esku artean. Capoeiran aditua den Brasilgo emakume bat mundu osoan bidaiatzen ari da umeei dantza brasildarra irakasten. Baliabiderik gabeko umeak dira gehienak. Datozen hilabeteetan, Mateok bere kamerarekin jarraituko dio herrialdez herrialde. Horretaz gain, Buenos Airesen (Argentina) maputxeen inguruko erakusketa eginen du ekainean. Duela urte bat joan zen Neuquenera. “Hasieran, ez ziren nitaz fidatzen, eta kostatu zitzaidan argazkiak ateratzea; normala da, hainbeste aldiz engainatu dituztenez, beldur dira”.

Bizirik irauteko, hala ere, Mateok denetarik egiten du: ekitaldietako argazkiak eta jakien argazkiak, adibidez. Orain dela sei urte iritsi zen bere bikotekidearekin New Yorkera. Argazkigintza eskolako urtea “gogorra” izan zela gogoratzen du. “Oso intentsiboa izan zen; lan handia egin nuen. Gainera, ikasleak oso lehiakorrak dira, eta guztiek onenen artean onenak izan nahi dute”. San Fermin izeneko ostatua —bed and breakfast— du mutil-lagunak. Lau logela dituzte, eta Euskal Herriko jendearen bisita izaten dute maiz. “Badakitelako gurekin ez dutela ingelesez hitz egin behar”.

“Guztia du hiriak: turismoa, artea eta finantzak. Mikromundu bat da”. Askoren ametsa da New York, eta Mateok dio hirian ametsak egia bihurtzen direla. “Ideien eta aukeren hiria da; ideia bat baduzu, ederki hartuko zaituzte hemen”. Trabarik ez dutela jartzen eta proiektuak garatzeko laguntza eskaintzen dutela jakinarazi du. “Guk, adibidez, erraztasun handia izan genuen ostatua muntatzeko”. Nafarroan eta beste herrialdeetan horrelakorik ez dela gertatzen dio. “Burokrazia nekagarria da; ilusiorik gabe gelditzen gara”.

Harlem auzoan bizi da Mateo. “Auzoa oso arriskutsua dela esaten dute, baina ez da egia: erabat aldatu da, New Yorkeko Soho berria izanen dela esaten dute”. Latinoamerikar asko bizi dira bertan, eta, hasieran, auzoko tabernetara edo dendetara joaten zirenean gazteleraz hitz egiten zietela gogora ekarri du Mateok. “Gure doinua nabaritzen zuten ingelesez hitz egin arren; baina guk ingelesez hitz egin nahi genuen!”.

Argazkilaritzako lehenengo proiektuak latinoamerikarrei buruzkoak egin zituen Mateok. “Haien historiak izugarriak dira, oso gogorrak”. Argazkilariaren ustez, aurpegi bikoitza dute: alde batetik, ilegalak dira, baina, bestalde, zergak ordaintzen dituzte, eta hirian egoten uzten diete. “Gobernuari komeni zaio”. Dominikar baten bizimodua gertutik jarraitu zuen Mateok. “Seme-alabak ikusi gabe bost urte zeramatzan, eta egun osoan lanean aritzen zen familiari dirua bidaltzeko”. Alde hori ezagutu zuen Mateok, baina jakin nahi izan zuen familiak diru horrekin zer egiten zuen. Dominikar Errepublikara joan zen. “Familia ongi bizi zen, seme-alabak eskolara joaten ziren… Baina merezi du bereizketak eta sufrimenduak?”. Argazkilariak ziurtatu du askotan ez dutela bizimodu hobea lortzen.