Ikusten ez dena ez dago sinesterik. Hori dio esaera zaharrak. Baina, zenbaitek, halabeharrez ikusten ez denean ere sinetsi behar izaten dute. Hori da ikusmen urritasuna dutenen errealitatea. Begiak ez diren bestelako elementuak baliatzen dituzte kalera irten eta errepidea gurutzatzeko, lan egiteko edota antzerkira joateko. Hamaika oztoporekin egiten dute topo egunero-egunero. Hain justu, 75 urte bete ditu ONCE Espainiako Itsuen Erakundeak ikusmen urritasuna dutenei erremintak eta prestakuntza ematen. Nafarroan 790 afiliatu inguru dituzte; batzuek zerbait ikusten dute; beste batzuek, ezer ez.
Iruñeko Aralar kalean du egoitza nagusia ONCEk Nafarroan. Une oro jendea sartu eta irten dabil. Batzuk ordenagailuak nola erabili irakasteko eskoletara, beste batzuk psikologora, bada liburutegira doanik ere. Puri Ortiz da ONCEko Nafarroako ordezkaritzako buruetako bat. Jaiotzez da itsua, eta horrek bere alde onak eta txarrak dituela azaldu du. Lau solairu dituen eraikinean ondo baino hobeto moldatzen da makila eta txakur gidaririk gabe. Duela bi hilabete inguru egin zuen txakur gidaria izateko eskaera.
Itsuen egoera azken urteetan “nabarmen” hobetu dela dio. Hala ere, ohartarazi du ONCE ez dela krisiaren eraginetatik kanpo gelditu den erakundea. “Guk ere gure murrizketak egin behar izan ditugu”, dio. Eskaintzen dituzten zerbitzuak ez gutxitzen saiatu direla onartu du.
ONCEren diru iturririk garrantzitsuenek jokoan dute oinarria. Ezagunak dira egunero-egunero kaleko etxoletan saldutako kupoiak. Ortizek jakinarazi du azkenaldian gero eta produktu gehiago saltzen saiatzen direla, negozioa “dibertsifikatzeko” beharra dagoelako. Denera, Nafarroan 186 saltzaile daude, eta 28 bulegoetako langileak dira.
Bulegoetan lanean aritzen denetako bat da Lina Apastegi. Ordenagailu gelako arduraduna da. Pazientzia handiko emakumea da, muturreko egoeraren batean egoten diren lagunekin egin behar izaten duelako lan. Nolanahi ere, ordenagailuek eta bestelako teknologiek itsuen eta ikusmen arazo larriak dituztenen bizitza errazten lagundu duela dio. “Hona etortzen denak ezintasunari aurre egin behar izaten dio, eta hori zaila da”.
Argitu duenez, ikusmen urritasun guztiak ez dira berdinak. Batzuek erabat galdua dute, baina beste batzuek zulotxo txiki batetik ikusiko balute bezala ikusten dute. Bada, itzalak antzemateko gaitasuna duenik ere. Hala, ordenagailuak beharren arabera moldatzen ditu Apastegik. “Aintzat hartzen ditut erabiltzaile bakoitzak dituen beharrak. Hala, batzuei kontrastea kendu eta zuri-beltzean jartzen diet; bada irudien tamaina lupa baten bitartez handituta moldatzen denik ere”.
Arrakasta handia duen beste leku bat liburutegia da. Era guztietako liburuak dituzte bertan, asko braille metodoan idatzitakoak. Hala ere, azken urteetan gero eta arrakasta handiagoa dute audio liburuek. Ortizek azaldu duenez, bera unibertsitateko ikaslea zenetik izugarri aldatu da audio liburuak entzuteko modua. “Orain guztiz digitalizatuta daude, eta era sinbolikoan azpimarratzeko aukera ematen dute, baita atalak hautatzekoa ere”.
Itziar Gorostidi ONCEk Iruñeko ordezkaritzan duen liburutegiko arduraduna da. Antzematen da liburuak maite dituela, ikusmen urritasuna dutenen haurrentzako liburuak batez ere. Azken urteetan erakundeak alor horretan lan handia egin duela iruditzen zaio. “Inoiz ezer ikusi ez duen haur bati oso zaila da esplikatzea txalupa bat edo zuhaitz bat zer den”, ohartarazi du. Hala, oinarrizko objektu horiek irudikatu ahal izateko, liburu sorta zabala dute, baita euskaraz ere. Testua idatzita eta braillen dago, eta erliebeak baliatzen dituzte haurrak belaontzi bat identifikatu ahal izateko. “Liburu hauek zoragarriak dira, eskoletan haur guztiek atsegin dituzte”, dio Gorostidik.
Hala ere, Ortizek ohartarazi du itsuen sozializazioaren esparruan lan asko dagoela egiteke oraindik ere: “Krisi ekonomikoa dela eta, egoera denentzat dago gaizki, eta ikusmen urritasun larriak dituztenentzat, are okerrago. Alor hori gehiago landu beharko genukeela iruditzen zait”.