“Kaunas ez da turismoa egiteko hiria, bertan bizitzekoa baizik”

Erasmus bekaldia bete-betean bizitzen ari da Marina Beaumont (Atarrabia, 1990). Esan ohi dute Erasmus ikasleek gau giroa ezin hobeki ezagutzen dutela, eta gutxi ikasten dutela. Topikoa baieztatu du Beaumontek, baina Erasmus hori baino askoz ere gehiago dela ziurtatu du. Abuztuaren amaieran iritsi zen Kaunasera (Lituania), eta ekainera arte han egonen da.

Argi zuen Beaumontek atzerrira joan nahi zuela ikastera karrera amaitu baino lehen. Hala ere, inoiz ez zuen imajinatu Kaunasera joanen zenik. “Nik Hego Amerikara joateko asmoa nuen, baina Lituania egokitu zitzaidan”. Zalantzak izan zituen, baina orain ez da damutzen hartutako erabakiaz. Are gehiago, lauhileko baterako eman zioten Erasmus beka, baina bekarik gabe jarraituko du ekainera arte. Psikologia ikasten du, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aurten hirugarren ikasturtea egiten ari da.

Adiskidetasuna da Beaumontek Erasmus programatik nabarmendu duen ezaugarri nagusia. Jende mordoa ezagutu du, eta munduko hamaika tokitatik etorritako ikasleak ezagutzeko aukera eskaintzen ari zaio egonaldia. “Norberaren garapenerako esperientzia oso onuragarria izaten ari da”. Ikaragarri ongi pasatzen du, eta horregatik luzatu du egonaldia.

Bizimodu erosoa darama Kaunasen. Jatorriko unibertsitatearekin hitzarturiko programa bete behar du, eta gainerako denbora bidaiatzeko eta lagunekin egoteko baliatzen du. Unibertsitateak ez dio arazo handirik ematen. “Oso erraza da, behintzat Erasmuseko ikasleentzat”. Gainera, Beaumontek ez du eskolarik, tutoretzak baizik. “Psikologia ikasten duten erasmus ikasle gutxi gaude, eta ezin dugu gelarik osatu”. Normalean, unibertsitateko eskolak lituanieraz dira, baina erasmuseko ikasleentzat ingelesez egiten dituzte. Eskolak ez izan arren, Beaumontek irakasleen prestutasuna eskertu du, laguntzeko prest daudelako beti. Gutxi ikasita gainditzen du. “Ezagutzen ditudan Erasmus ikasle guztiak nota onak ateratzen dituzte”.

Dagoeneko lituanierako esaldi batzuk ikasi ditu. “Errusieraren antza du, baina alfabetoa desberdina da”. Ingelesa erabiltzen du Lituaniako lagunekin mintzatzeko; gazte gehienek ingelesa dakite, baina zaharrek, ez. “Helduek bakarrik lituanieraz eta errusieraz hitz egiten dute”. 1991. urtera arte, Lituaniak ez zuen lortu independentzia, eta komunismoaren oihartzuna oraindik nabarmena da. “Stalinek Lituaniako biztanle ugari kanpora bidali zituen, eta zauria oraindik ez da itxi”. Horregatik, helduek aurpegi “gogorrak eta hotzak” dituzte. Datu bitxiak eman ditu: suizidio tasarik handiena duen Europako herrialdea da Lituania, eta jaioberriek begi urdinak izateko aukera gehien duten herrialdea da. Kaunasen atzerritarrak ez ikustea bitxia egin zaio Beaumonti. “Hemen atzerritar bakarrak ondoko herrialdeetakoak dira: Errusiakoak eta Poloniakoak, gehienak”.

Gaur egun, Vilnius da Lituaniako hiriburua, baina 1940. urtera arte Kaunas izan zen. “Horregatik, tira-bira dago beti bi hirien artean”. Kaunas gustatzen zaio Beaumonti, ezer berezirik ez duen arren. “Ez da turismoa egiteko hiria, bertan bizitzekoa baizik”. Erdialdean bizi da, ikasleentzako egoitza batean, eta ondoan du unibertsitatea. “Leku politenean bizi naiz; egia da hiriaren kanpoaldeak birmoldaketa bat behar duela”. Gauean kalean argiztapenik ez dagoela jakinarazi du Beaumontek, eta kontuz ibili behar dela. Nafarroara itzuli zen Gabonetan, eta egun horietan Kaunasen hiru eta erdietan iluntzen zuela gogora ekarri du. Orain, hala ere, argiak arratsaldeko bostak arte irauten du. Behin baino gehiagotan ez du eguneko argia ikusi Beaumontek. “Parranda egin eta berandu oheratu, eta hurrengo egunean altxatzean dagoeneko ilundu duela gertatu zait; oso tristea da”. Atarrabiara bisitan etorri zenean ere, hotz handia egiten zuen Kaunasen. “Zero azpitik 17 gradu egiten zituen, eta dena izoztuta zegoen; orain ez du hainbeste hotzik egiten baina elurtuta jarraitzen du”. Neguan, lituaniarrek patinatzeko baliatzen dute Neman ibaia. Hiria zeharkatzen du, eta negu osoan izoztuta egoten da.

Bidaiatzeko denbora izan du Beaumontek, eta datozen hilabeteetan herrialde gehiago ezagutu nahi ditu. “Krakoviara (Polonia) joan nahi dut; izugarria dela esan didate”. Tallinen (Estonia) egon da, eta Helsinki (Finlandia) ezagutu du. Tallindik ferry bat hartu zuen lagun batzuekin, eta bi orduan Helsinkira iritsi zen. “Eguna pasatu genuen hirian”. Han konturatu zen Finlandiako herritar askok bi orduko bidaia egiten dutela maiz. “Tallinen askoz merkeagoa da erosketa egitea, eta horregatik hartzen dute askotan ferrya; alkohola erosten dute, besteak beste”.

Argi du Beaumontek Lituania Erasmus bekan egokitu izan ez balitzaio inoiz ez zuela Kaunas ezagutuko. “Ez nuen interesik, baina herrialde hotzek badute zerbait berezia”.