Museoetan %17,71 egin du behera bisitari kopuruak

Behera egin du museoetako bisitari kopuruak, eta nabarmena da jaitsiera: %17,71. Igarria zuten joera museoetako arduradunek, baina zenbakiak aurkeztu dituzte orain. Krisi ekonomikoa aipatu du Maria Carmen Valdes Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuko zuzendariak kausa orokor gisa, Yolanda Barcinaren gobernuak egin dituen murrizketa zehatzei aipamenik egin gabe.

Orotara, 254.785 bisitari izan ziren 2011n, eta 216.450 izan dira 2012an. Behera egin dute museo ia guztiek, baina badira salbuespen batzuk ere. Tulebrasko monasterioan, aurreko urtean izandako bisitarien bikoitza baino gehiago hartu dituzte (4.194), eta mantendu egin da Nafarroako Museoan (35.994). Xabierren dagoen museoa izan da jendetsuena, 74.119 bisitarirekin (2011n baino %18 gutxiago). Eta antzekoa da jaitsiera kasuz kasu: Altzuzako Oteiza museoak 25.133 bisitari (%22 gutxiago); Lizarrako Karlismoaren museoak 7.115 (ia %3 gutxiago), eta Erronkariko Museoak 33.362 (%7,56 gutxiago).

Estutasun egoera

Valdesek erakundeotako langileek eginiko ahalegina txalotu du, baina ez du aipamenik egin irekiera ordutegiak eta eskaintza murriztu dituen aurrekontuei buruz. Museo txikien kasua da argiena, eta Izabako Memoriaren Etxea aipa daiteke adibide gisa. %81ekoa izan da bisitari kopuruaren jaitsiera, eta hori da Valdesek aipatu duen datua. Baina ez du azaldu, museoen legeak ofizialki museo gisa onartu ez duenez, laguntzarik gabe gelditu dela eta udaberriaz geroztik ezin izan duela aterik ireki. Urtearen zatirik handiena eman du itxita, beraz. Eta ez da estu dabilen bakarra: ordutegi murrizketak izan dira Burgiko Almadiaren museoan; Uharten Buldain museoa itxi egin dute; eta ofizialki museo izaera duen arren, ordutegiaren %10 murriztu behar izan du Erronkariko Gaiarre museoak, eta %17 jaitsi da bisita kopurua.