Bai, jaun-andreok. Aldaketa etorri da. Raxoy ez da jada Raxoi, Rajoy baizik. Urtarrilean, oraindik ere, Raxoi zen, eta izen horrekin, 24an eta 25ean, adierazi zuen burujabetzari buruzko Kataluniako parlamentuaren adierazpenak ez zuela “ezertarako” balio, ez zuela “inolako ondorio juridikorik”. Urtarrilaren 30ean, berriz, Urkullu Raxoirekin elkartu zen Moncloan, ez Rajoyrekin. Eta urtarrilaren 31n, PPren ustelkeria auziak Raxoi eta alderdiko buruzagiak zipriztindu zituen.
Baina, kasu!, otsailaren lehenbiziko egunean etorri baitzen aldaketa, hurrengo eguneko egunkarian islatu zena. Egun hartan, beraz, Rajoyk hitz egin zuen, eta ez Raxoik. Eta, hortik aurrera, Rajoyk, eta ez Raxoik, bere aurkako salaketa oro ukatu zuen, eta bla bla bla.
Irakurle, honaino ailegatuta piperrik ere ulertu ez baduzu, jakin ezazu diagnostikatu gabeko patologia sendaezina dudala: edozein testu irakurtzen dudalarik —izan kaleko afixa, zirkulazio seinalea, dendako oharra zein egunkariko albistea—, begirada beti, baina beti-beti, xehetasun linguistiko tontoenera joaten zait. Bortz axola maisu lana irakurtzea ere; gaizki idatzitakoa eta/edo oso ezberdin izkiriaturikoa gelditzen baitzait beti kaskoan.
Gaixotasun kronikoa da. Baina ez kezkatu. Ongi nago.
Eta gaixotasun horregatik ikusi dut —eta, nik bezala, ni bezain gaixo daudenek ikusi dute— BERRIAk dagoeneko ez duela Mariano Raxoi idazten, Mariano Rajoy baizik.
Aldaketa egin zuten egunean berean ohartu nintzen aldaketaz —egunero irakurtzen baitut BERRIA, eta zuk ere gauza bera egin beharko zenuke!—. Hasieran pentsatu nuen Politika saileko erredaktorea Rajoy X-z eta I-z idazteko arauaz ahantzia zela. Baina gero konturatu nintzen AEBetako korrespontsalak eta zuzendariak berak ere Rajoy zerabiltela. Alegia, arau aldaketa zegoela horretan.
Bere garaian, Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburuak zehazten zuen “Herri Katalanetako eta Galiziako izenak katalanez eta galegoz” eman behar zirela. Oker ez banago, BERRIAk arau horri eutsi zion. Eta horren, arabera, Rajoy Raxoy moduan eman behar genuen. Eta guk, txintxo-txintxo, Raxoi.
Eta orain berriz buelta. Ongi. Rajoy.
Beharbada, nik hau idatzi (otsailak 6) eta zuk irakurri duzunerako (otsailak 15 edo geroago), BERRIAk azalpenak eman ditu aldaketa honen inguruan. Ezetz espero dut. Bertzenaz, hurrengo bi paragrafoek grazia guzti-guztia galduko lukete.
Ergelkeriaren kasualitatea. Aldaketa gertatu baino astebete lehenago, nik Raxoi idatzi nuen arbelean, izen sintagma zer den azaltzeko adibide batean. Ikasleek, noski eta berriz ere, pentsatu zuten ni Martekoa nintzela. Eta nik baietz, Martekoa nintzela, eta Marteko euskaldunek Raxoi idazten zutela. Eta beraiek Martekoak izan nahi bazuten, Raxoi idatzi beharko zutela. Orain Venuskoak izan beharko dugu.
Eta bukatzeko, eskaera bat: mesedez, abisua eman Anjel Lertxundiri, Raxoi idazten segitzen baitu.