Urtean ia bi metro mugitzen da Esako eskuin hegala

Esako urtegiko eskuin hegala berriz ere mugitzen ari dela jakinarazi zuen joan den astean CHE Ebroko Ur Konfederazioak ohar baten bitartez. Azaldu du azkenaldiko eurite eta elurteengatik izan dela lur mugimendu hori. Gainera, aitortu du hegal horretan “betidanik” izan direla lur mugimenduak eta proiektua onartu zutenerako hori gerta zitekeela bazekitela. Astean bi zentimetro mugitzen da. Batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.

Esako urtegiaren inguruan bizi direnen bizitza arriskuan jartzen delakoan, handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu du Esa + Ez herri plataformako kide Iker Aramendiak. Iritzi berekoak dira Rio Aragon Artiedako (Aragoi, Espainia) elkartekoak ere. “Esa handitzeko lanak faraonikoak dira, eta diru xahuketa izugarria”, aditzera eman du Aramendiak. Hain zuzen ere, Ebroko Ur Konfederazioak onartu duenez, gutxienez 10 milioi euro baliatuko ditu eskuineko hegala egonkortzeko lanetan.

Konfederazioak “lur mugimenduen” berri joan den astean eman zuen arren, Nafarroako Gobernuak informazio hori abendurako bazuela jakinarazi du Aramendiak. “Abenduan jaso genuen konfederazioaren jakinarazpena, eta ordutik jarraipen mekanismoak martxan daude”. Haserre dago gobernuak auzi horretan duen jarrerarekin. “Gobernura joz gero, beti diote hori ez dela beren auzia, Espainiako Gobernuarena baizik”, adierazi du. Esako urtegiko presa Nafarroako lurretan dagoela eta arazo klaseren bat izanez gero lehenengo kaltetuak inguruko herrietako biztanleak izango liratekeela ohartarazi du, Zangozakoak eta Esakoak, besteak beste.

Ebroko Ur Konfederazioak dioenaren arabera, eskuineko hegaleko lur mugimendua “motela” da. Baina lehenengo kalteak eragin ditu Esako Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioan. Denera, ehun etxebizitza inguru daude. Gehienak bigarren etxe gisa erabiltzen diren arren, bederatzi lagunek beste toki batera joan behar izan dute bizitzera. Gutxienez, hamar hilabetez ezin izango dira itzuli.

Aramendiak iragarpen ezkorra egin du: oso zaila izango da pertsona horiek etxera itzuli ahal izatea. “Hamar hilabete dio administrazioak, baina ziur gaude arraildurak gero eta handiagoak izango direla eta horrek bizilagunen itzulera zailduko duela”.

Handitze lanekin bueltaka

Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu du eskuin hegala ez dela egonkorra. 2001ean hasi ziren urtegia handitzeko lanak. Jaume Matas orduko Ingurumen ministroak jarri zuen lehenengo harria. Hegalen ezegonkortasuna “aurreikusi” arren, ez dute asmatu proiektuaren aurrekontuak zehazten. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak iritzi zion Esa handitzeko 77 milioi euro nahikoa izango zirela. Baina, proiektu bera behin baino gehiagotan berregin behar izan dutenez, aurrekontuaren zenbatekoa ere aldatu behar izan dute. Hala, egitasmoaren bigarren zuzenketan aurrekontua 113 milioi eurokoa zen; hirugarren zuzenketan, berriz, 242 milioi eurokoa. Orain, berriz, zenbatekoa handitu egin dute, besteak beste, lur mugimenduengatik. 2013ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan jasotzen denez, Esa handitzeko lanetarako 376,8 milioi euro erabiliko dituzte.

Baina Esako luiziak ez dira gauza berria. Izan ere, 1930eko hamarkadan —1936an hasi ziren eraikitzen— gertatu ziren lehen luizi eta arazo geologikoak. Adibidez, ezkerreko hegalean 2003an arraildurak agertu ziren. 2006ko uztailean, hegal horretan bertan, 3,5 milioi metro kubo lur irristatu ziren, azpiegitura eraikitzean sortutako hondakinak bertan pilatu ostean.

Eskuin hegalaren kasua ere antzekoa da. Lur irristaketak izan ziren 1930ean, 1960an eta 1964an, urtegia bete zutenean. 2004an, urtegia handitzeko lanetan ari zirela, 1930ean eta 1964an izandako lur mugimenduak aktibatu ziren. Horren eraginez, ur filtrazio handiak izan ziren, nahiz eta 2007 arte Ebroko Ur Konfederazioak ez zituen onartu.

Gertatuak gertatuta, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko nahikoa arrazoi badagoela irizten dio Aramendiak, batez ere herritarren segurtasuna kolokan dagoelako. Hala, bihar, 13:00etan, protesta keinu bat egingo dute: Zangozako udaletxeko plazan elkarretaratzea egingo dute eta Esako lanak eten ditzatela eskatuko dute bertan.