Kezkatuta agertu dira Noaingo aireportuan lanean aritzen diren AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigaziorako langileak. Azpiegituraren segurtasunaz zein mantenuaz arduratzen dira, besteak beste. Noaingo aireportuak 500.000 bidaiari baino gutxiago dituenez, langile kopurua murrizteko asmoa du enpresak. Langileek aireportua susta dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari, herrialderako oso azpiegitura garrantzitsua delako.
Oraingoz, aireportuaz arduratzen den langile kopuruan egin nahi du murrizketa AENAk. Hortaz, nabigazioaren eremuan aritzen direnen lanpostuak, aire kontrolatzaileena kasu, ez dituzte murriztuko. Aireportuaz arduratzen diren langileak 62 inguru dira, tartean mantentze zerbitzukoak eta suhiltzaileak. Juan Mari Irastortza Noaingo aireportuan suhiltzaile gisa aritzen da lanean. Azaldu duenez, AENAk aurreikusi du alor horretan hogei langile gutxiago aritzea lanean. Orotara, datozen asteetan 42 soilik izango dira.
Irastortzak ohartarazi duenez, AENAren pribatizazioan egingo den beste urrats bat besterik ez da. “AENA enpresa pribatuen esku utzi nahi du Mariano Rajoyren gobernuak, eta, horretarako, ezinbestekoa da langile kopurua murriztea”. Besteak beste, aireportuko langileen egoeraren berri emateko Nafarroako Parlamentuan izan zen Irastortza, Gorka Lura aireportuko teknikariarekin batera. Biak langile batzordeko kideak dira.
“Gure hitzak interesez entzun zituzten, eta eskatu genien aireportua behar den bezala indartzeko”, dio Lurak. Azaldu duenez, aireportuaren aferan, hainbat alor nahasten dira. “Aireportua handitzea beharrezkoa zen ala ez eztabaidan dago oraindik. Baina eztabaida hori ez da bidezkoa, Nafarroako herritarrei ez zaielako xentimo bat ere kostatu. Hori Espainiako Sustapen Ministerioak ordaindu du”, dio.
Onartu dute bai Lurak baita Irastortzak ere oso hegaldi gutxi eskaintzen direla Noainen. Hala ere, AENAk azken urteetan inbertsio ugari egin arren sarean finantzatzen dela argitu dute. “Aireportuak galerak izan arren, beste aireportuetan izandako irabaziekin lortzen da kontuak berdintzea”, dio Irastortzak.
Horrez gain, Lurak dio Nafarroako ekonomiarentzat oso azpiegitura interesgarria dela. “Oraindik ez dut ulertzen enpresariek-eta zergatik ez duten aireportua gehiago bultzatzen”. Legeak berak behartuko du laster administrazioa halako neurriak hartzera; izan ere, Aireportuen Jarraipen Batzordea sortu beharko dute.
Iganderako, erabakita
Datozen asteetan, Noaingo aireportuko segurtasunaz zein mantenuaz arduratzen diren langileak 42 soilik izango dira. Bost langilek joan den urtarrilaren 31n hartu zuten erretiro aurreratua, eta gauza bera egingo dute beste bik ekain amaieran. Beraz, hamahiruk AENAk dituen beste aireportuetan hasi beharko dute lanean. Iganderako hartu beharko dute erabakia, orduan amaituko baita epea. Irastortzak azaldu duenez, enpresari berdin zaio langileen egoera pertsonala. “Norbaitek ez badu tokiz aldatu nahi, kaleratu egingo dute”, gaineratu du.
Egoera bideratzeko aukera gutxi ikusten dute Lurak eta Irastortzak. Batez ere, negoziaziorako ez dagoelako inolako aukerarik.