Ia 50.000 bidaiari gutxiago izan dira Noaingo aireportuan 2012an

Ez dira garai errazak aire nabigazioko sektorearentzat. Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta gehiago dira ixtear dauden bidaia agentzia eta hegazkin konpainiak. Horri, azkenaldian, Euskal Herriko aireportu txikietako bidaiari kopuruaren beheranzko joera gehitu behar zaio. Noaingoa da bidaiari gehien galdu duenetako bat. Izan ere, 2011ren aldean, 2012an ia %20 murriztu zen bidaiatzeko hegazkina hautatu zutenen zenbatekoa. AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioak jakinarazi dituen datuen arabera, iaz Noaingo aireportuan 190.295 bidaiari izan ziren; 2011n, berriz, 238.511.

Iruñerriaren garapen geografiko, sozial eta ekonomikoarekin batera inauguratu zen 1972an Noaingo aireportua. Lehen urtean, 29.600 lagunek erabili zuten. Ordutik aurrera, bidaiari kopurua apurka-apurka haziz joan zen. Esaterako, 1977an, 86.000 ziren. Baina, AENA 1990eko hamarkada amaieran, aireportuak berriztatzen hasi zen, hegazkinen erabilera gero eta handiagoa zela argudiatuta.

Egia da loraldi ekonomikoaren garaian abian jarri ziren low cost hegazkin konpainiei esker hegaldi merkeen bitartez bidaiatzen zutenen zenbatekoa gero eta handiagoa zela. Noaingo aireportuaren kasuan, 2007an bidaiari kopuruak goia jo zuen, 500.097 lagun igaro baitziren bertatik.

Baina, krisi ekonomikoarekin batera, zenbateko hori urtetik urtera murrizten joan zen. AENA Espainiako Sustapen Ministerioaren menpeko enpresak ez zuen eten aireportuak berriztatzeko programa. Gauzak horrela, Noaingo terminal berria 2010eko azaroan inauguratu zuten. Ordurako, bidaiari kopurua jaisten ari zen urtetik urtera. Berez, 1,1 milioi bidaiari hartzeko prestatua dago, nahiz eta oraindik ez den zenbaki horretara inoiz iritsi.

Aste hau berezia izan da Noaingo aireportuan ere, Iberiako langileek deitutako grebaren harira —3.807 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du AENAk—. Hain justu, gaur egun, hegazkin konpainia horrek soilik eskaintzen ditu hegaldi erregularrak. Aireportuko langileek ez dute hitz egin nahi izan. “Aireportuan lan egiten dugunok ezin dugu lanean ari garen bitartean komunikabideekin hitz egin”, ohartarazi du autoak alokatzeko enpresa bateko langileak.

Dozenaka hegaldi bertan behera gelditu dira aste honetan Iberiako langileen grebaren eraginez. Gaur amaituko da lehenengo deialdia; martxoan ere beste greba saio bat egiteko asmoa dute hegazkin konpainia horretako langileek. Asteartean, bi hegaldi soilik irten ziren Madrilera. Bertan behera geratu ziren Bartzelonakoak. Ondorioz, aireportua goizean goizetik irekita zegoen arren, zaila zen bidaiariak aurkitzea. Aparkalekua ere ia hutsik zegoen, dozena bat auto besterik ez. Hala ere, eguerdirako mugimendua hasi zen aireportuan. Atzematen zen 13:00etan Madrildik hegaldi bat iristekoa zela. Handik 40 minutura irten zen berriz bueltan.

Kaltetuen testigantzak

Grebaren harira haserre agertu denetako bat da Yola Caseida bidaiaria. Angolakoa da, eta Iberiako grebak zuzenean eragin diola adierazi du. “Berez astelehenean joan behar nuen Iruñetik, baina, grebaren ondorioz, gaur arte [asteartea] itxaron behar izan dut; horrek nire bidaia garestitu du”.

Marta Garcia ere Madrilera joateko hegaldia hartzekoa zen asteartean, 13:40ean. “Zortea izan dut, nire hegaldiari ez diolako grebak eragin”. Noaingo aireportua txikia izan arren, oso zerbitzu ona eskaintzen duela irizten dio.

Juanna Andona, berriz, Errumaniakoa da. Iruñean lau egunez egon ostean, Munichera joatekoa zen lan kontu batzuengatik. Hegaldiak ondo antolatuta zeuzkala aitortu du. “Antolakuntza ondo egina nuen, baina grebarengatik hegaldiak galdu ditut. Bihar [asteazkena] egun osoa Madrilen igaro beharko dut”. Dena den, aitortu du ulertzen dituela Iberiako langileek greba egiteko dituzten arrazoiak.

Behin-behineko arazoez gaindi, Nafarroako enpresari zein politikariek kezka azaldu dute Noaingo aireportua behar baino gutxiago erabiltzen delako. Oraingoz, Bartzelonara eta Madrilera joateko aukera besterik ez da. Udan, noranzko gehiago izaten dira, aro horretarako hegaldi bereziak antolatzen dituztelako konpainiek.