Bazka eman behar izan diete Iratiko oreinei, elurragatik

Joan den urtarrilaren 7an elurra bota zuen Pirinioetan, eta ordutik ez dute atseden hartu herritarrek. Ez herritarrek, ezta animaliek ere. Azken horientzat inoiz baino gogorragoa izan da azken hilabetea. Iratiko oihanean bizi diren animaliak jakirik gabe gelditu dira metro eta erdiko elurra dagoelako, eta herritarrek bazka eraman behar izan diete orein eta orkatzei. Hala ere, zenbait orkatz eta orein kume hilik agertu direla jakinarazi du Gabriel Itxaso Zaraitzu ibarreko ehiztarien elkarteen guardak.

“Joan den ostiralean ikusi nituen oreinak ibaiaren bazterrean; janaria bilatzeko ibaia zeharkatu nahi zuten, baina ezin zuten”, azaldu du Itxasok. Animaliak egoera txarrean zeudela konturatu zen, eta Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuarekin kontaktuan jarri zen. “Erraztasun guztiak eman zizkidaten animaliak laguntzeko”. Orduan, janaria eramatea erabaki zuen. Jaurrietako abeltzain batek 15 kiloko 25 belar fardel eman zizkion animalientzat, eta Itxasok Iratiko oihanera eraman zituen. “Egoera honetan, irtenbide bakarra janaria eramatea da, bestela hilik egonen ziren animalia guztiak”. Hala ere, jadanik batzuk hil direla azaldu du Itxasok. “Asteartean ikusi genituen kume batzuk hilik; elurra bota zuen berriz, eta estalita geratu ziren; elur guztia joan arte, ez dugu jakinen zenbat hil diren”.

Azken urteetako elurterik handiena izan dela azaldu du Itsasok. “Metro eta erdiko elurra dago; ez dugu atsedenik izan urtarriletik”. 25 belar fardelak bukatzen direnean, beste zerbait bilatuko dutela jakinarazi du Itxasok, baina argi du animaliak ez direla jakirik gabe geldituko.

Animaliak dauden tokietara janaria eramateko, Zaraitzuko batzarraren elurra kentzeko makina erabili behar izan dute. “Makinak bidea irekitzen du, eta gero oinez eramaten ditugu fardelak toki egokietara: ibaien eta erreken bazterretara”. Beldur zen Itxaso, ez zekielako animaliek fardelak janen zituzten edo ez, baina asteartean egiaztatu zuen oreinek bazka jan zutela, eta, hortaz, janaria eramaten jarraituko du. “Lau egunean behin eramanen diegu bazka”, jakinarazi du.