Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan “ona” egin duela goraipatu du Xabier Maiak (Elizondo, 1981). Duela lau urte inguru hasi zen Baztango bertso eskolan. Iaz, Bardoak txapelketan parte hartu zuen, eta, aurten, Nafarroako Bertsolari Txapelketan da lehenengoz. Lizarrako saioan, laugarren egin zuen. Lortutako 317,5 puntuei esker, Elizondon heldu den larunbatean jokatuko den finalaurrekoan lehiatuko da.
Aurtengoa duzu lehen txapelketa. Nolatan hartu zenuen parte hartzeko erabakia?
Parte hartzearena prozesu baten hurrengo pausoa izan da. Bertso eskolan duela lau urte hasi nintzen. Hasieran, ia oinarririk ez nuen. Apurka ohartu nintzen bertsokeran hobera egiten nuela. Pasa den urtean, Bardoak txapelketan parte hartu nuen. Horrek hasiberrioi jende aurrean abesteko aukera eman zigun, baina presiorik gabe. Nahiko gustura ibili nintzen. Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtean behin denez, aurten edota hemendik bi urtera parte hartzea zen erabakia. Azkenean, 2013ko edizioan lehiatzea erabaki nuen.
Lizarrako final laurdenean egindako lanarekin gustura?
Hasieran beldurra sentitu nuen inguruan zein nituen ikusita. Hasiera batean kikilduta nengoen, lehenengo saioa zelako. Nere buruarekin ere zalantza anitz nituen. Aurreko asteetan bertze gauza batzuekin burua nahiko tokiz kanpo neukan. Horrek zalantza ugari sortu zizkidan. Gero, uste baino hobeto joan zen gauza. Lasai aritu nintzen. Nik uste ematen ahal dudanetik nahiko hurbil egon nintzela, nahiz eta irristada batzuk izan nituen. Oro har oso sentsazio gozoarekin irten nintzen egindako lanarekin batez ere.
Martxoaren 9an Elizondoko finalaurrean izango zara. Herrian abesteak bertigorik ematen dizu?
Sekulakoa. Sailkatzeko aukerak nituela, neure buruari erraten nion kantatzekotan Atarrabian edo Etxarri Aranatzen nahiago nuela. Etxean kantatzea gainpresioa da. Hala ere, ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko naiz.