“Gustura gelditu nahi dut”

Egun Donostian bizi da Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975). Bortzirietako bertso eskolan hasi zen bertsotan. 1993an aurkeztu zen lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketara. Lau urtez ez zen aurkeztu. Iaz, Estitxu eta Eneko Fernandezekin batera, Bardoak txapelketa irabazi zuen. Ahal duen dena ematea da bere asmoa, egin ez duenaren penarekin ez egoteko datozen bi urteetan.

Txapelketako beteranoetakoa zara. Bertsolaritza osasuntsu dagoen seinale?

Nik uste azken urteetan bertso maila igo egin dela. Niretzat bitxia da zaharrenetarikoa ni naizela pentsatzea. Ni oraindik hagitz gazte sentitzen naiz. Gu hasi ginen garaian, normalean jendea gu egun baino helduagoa zen. Baina errango nuke Nafarroako bertsolaritzaren egoera hagitz ona dela.

Iragan urtean, Bardoak txapelketako garaile izan zinen.

Esperientzia polita izan zen. Urtero txapelketa egiteak sor dezake nolabaiteko desgastea. Bardoak taldekako txapelketaren esperientzia hagitz polita izan zen. Eneko eta Estitxu Fernandezekin parte hartu nuen.

Biharko finalaurrekoan izango zara. Zein da zure helburua?

Egindako lanarekin gustura gelditu nahi dut. Aho zapore onarekin gelditu nahi dut. Pasako naizen edo ez naizen pasako bertze kontu bat izanen da. Ukaezina da aspirazioa ahalik eta aurreen gelditzea dela. Nik uste Julio Soto, esaterako, beste maila batean dagoela. Hala ere, borroka estua izanen dela uste dut.

Txapela irabazteko faboritoa zein da, zure ustez?

Soto maila bat gorago dagoela erran dut lehen. Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz ere kontuan hartzekoak dira. Lazkoz bera azkenaldian buru-belarri dabil gainera bertso munduan.