Nafarroako harrera familien eta adopzioen saileko zuzendaria da Maite Miguez (Altsasu, 1954). Babesik gabe dauden haurrentzat aldi baterako etxeak bilatzeaz arduratzen da. Harrera familiek ez dituzte familia biologikoak ordezkatu nahi, osagarri izan nahi dute. Gurasoek “zailtasunak” gainditzen dituztenean, umeak haiekin itzultzea da helburua.
Askotan nahasten dira adopzio eta harrera familia kontzeptuak. Zein da desberdintasuna?
Biak haurrak babesteko neurriak dira. Baina desberdintasun nagusiena da harrera familiak aldi baterako direla, eta adopzioak ez. Hau da, adopzioetan jatorrizko familiarekin lotura guztiak mozten dira. Harrera familia behin behineko neurria da; adopzioa, berriz, iraunkorra.
Nolakoa da haur bat hartzeko prozesua?
Bi harrera familia desberdindu behar ditugu: umearekin nolabaiteko lotura dutenak (izeba-osabak, aitona-amonak…) eta loturarik ez dutenak. Haurrak bere jatorrizko familiarengandik banatu beharra duenean, zentro batera eramaten dugu bi edo hiru hilabeterako. Bitartean egoera aztertzen dugu, eta erabakitzen dugu zer babes neurri hartu. Orduan hasten dugu harrera familiaren bilaketa. Haurrarentzako familia egokiena izan dadin saiatzen gara, eta umearen erritmoak markatzen du harrera. Egokitze prozesua deitzen diogu horri. Harrera familia egunero elkartzen da umearekin zentroan.
Zein da zuen lana?
Harrera familiei laguntzen diegu. Sostengua eta orientazioa ematen diegu, askotan ez delako erraza. Gainera, umearen harrera egin aurretik ikastaroa egiten dugu harrera familiarekin. Izan ere, ume bat harreran hartzea ez da bakarrik haztea, balio erantsiak ditu. Bi familia ditu umeak —haurrarentzat zaila izaten da onartzea— , eta harrera familiak umeari azaldu behar dio hori. Umeak onartu behar du bere jatorrizko familiak ezin duela zaindu eta horregatik beste familia batekin dagoela.
Hobe da umeak harrera familiekin egotea zentroetan baino?
Bai, hori da gure helburua, baina ez dugu beti lortzen. Askotan arazoak ditugu, adin jakin batetik aurrera zaila delako harrera familiak aurkitzea. Adibidez, ez da erraza 8 edo 9 urteko ume bati familia aurkitzea. Anaien edo ahizpen kasuetan berdin gertatzen zaigu. Saiatzen gara elkarrekin joatea familia batera, baina ez da beti posible, harrera familiek askotan ezin dituztelako bi ume hartu bere gain, edozein arrazoi dela medio.
Zenbat ume daude orain Nafarroan ahalik eta lasterren harrera familia behar dutenak?
Egia esan, orain bakarrik bi anaia ditugu harrera familia baten zain. Dena den, bihar izan dezakegu harrera familia gehiagoren premia; izan ere, inoiz ez dakigu noiz beharko duen haur batek etxe bat. Edozein momentutan izan daiteke. Horregatik, egokiena da familiak prest izatea beti haur bat zaintzeko.
Zer baldintza eskatzen zaizkie harrera familiei?
Familiei eskatzen zaien bakarra haurra zaintzeko nahia da. Horretaz gain, familiako kide guztiek ados egon behar dute umearen harrerarekin. Familiek egonkortasun emozional eta ekonomikoa izan behar dute, eta oso argi izan hartutako umea ez dela haien seme-alaba baina seme-alaba balitz bezala zaindu beharko dutela. Beste guraso batzuk dituen seme- alaba da, eta harrera familiak onartu behar du edozein momentutan bere jatorrizko familiarekin itzuliko dela haurra. Harrera familiarekin dagoen bitartean haurrak ez du harremana galtzen bere jatorrizko familiarekin.
Joan den urtean, adibidez, zenbat umek lortu zuten harrera familia?
2012ko abenduaren 31ra arte, 244 haur hartu zituzten harrera familiek. Denera, 210 familiatan daude. Horietatik, 129 familiak umeekin nolabaiteko lotura dute, eta 81 familia loturarik gabekoak dira.