Senarrak lana lortu Argentinan, eta familia osoak zeharkatu zuen ozeanoa. 2011ren azaroan iritsi ziren Txus Chalezquer (Carcar, 1978) eta Dani Agreda San Isidrora (Argentina). Hiru seme-alabekin joan ziren: Irati, Amaia eta Enekorekin.
Carcarkoa da Chalezquer, baina Mutiloagoitin bizi ziren bostak, orain dela urtebete arte. Agredak Volkswagenen lan egiten du, eta enpresak San Isidron duen lantegian lana lortu zuen. Eskaintza aprobetxatu, eta hara joatea erabaki zuten. Hiru urterako egonen dira ozeanoaren bestaldean. “Nik uste dut hiru urteak pasa ondoren Nafarroara itzuliko garela, baina batek daki; Daniri kontratua luzatzen badiote, pentsatuko dugu zer egin, eta berdin lehenago itzultzeko eskatzen badigute”. Suran eta Amarok auto modeloak egiten dituzte San Isidron.
Buenos Airesen ondo-ondoan dago hiria. “Ordu erdi luzean iristen gara Buenos Airesko erdialdera”. Iruñeak bezainbeste lagun ditu hiriak, baina ez du “zerikusirik” Nafarroako hiriburuarekin. “Hemen lorategia eta igerilekua dute etxe gehienek; lur eremu handia dute”. Parke asko ditu hiriak, eta eremu berdez inguratua bizi da Chalezquerren familia. Rio de la Plata ibaiak zeharkatzen du hiria, eta haien etxe ondotik igarotzen da. “Itsasoa bezalakoa da, baina ur gezakoa”.
Domingo Akasuso zallarrak sortu zuen hiria, eta, horregatik, ezagunak dira euskaldunak hirian. Konkistatzaile bizkaitarra 1608. urtean iritsi zen Rio de la Platara. Bertan kontrabandistak kontrolatzen aritu zen, eta kapitain izendatu zuten. Kondairak kontatzen du, behin, Akasuso kontrabandisten atzetik zebilela eta geldialdi bat egin zuela bidean. Lo gelditu zen. Ametsetan San Isidro Nekazaria agertu zitzaion, eta horrek eskatu zion kapera bat eraikitzeko lo gelditu zen lekuan. Dirua lortu zuenean, 1706. urtean, santuak eskatutakoa bete zuen Akasusok, eta, urte berean, San Isidro hiria sortu zuen. “Horregatik, euskaldunak oso ezagunak dira, eta ez bakarrik San Isidron, Argentina osoan”. Izan ere, argentinar asko euskaldunen oinordekoak dira, eta ugariak dira euskara ikasteko eskolak eta euskal etxeak.
Chalezquerrek eta Agredak 6, 4 eta 2 urteko seme-alabak dituzte. Argentinan ikasturtea martxotik abendura izaten da, eta familia iritsi zenean hango umeak eskolak bukatzen ari ziren. “Oso lotsatiak dira hirurak, baina irakasleen eta ikaskideen harrera oso ona izan zen”, gogora ekarri du Chalezquerrek. Lagunak laster egin zituzten, hangoak “oso irekiak” baitira: gozoak eta amultsuak. Alde okerrena Chalezquerrena berarena izan zen. “Hiri handi batean oso zaila da jendea ezagutzea eta lagunak egitea”. Orain, unibertsitatera sartzeko ikasten ari da, arazoak izan baititu titulua homologatzeko.
Argentina osoa ez, baina dagoeneko zati handi bat ezagutu dute. Bidaiatzea oso garestia dela dio Chalezquerrek, eta, horregatik, autoa erabiltzen saiatzen dira herritarrak, hegazkinak eta autobusak ez direlako batere merkeak. “Argentinan distantziak ikaragarriak dira”. San Isidrora iritsi zirenetik, Patagonia —Ushuaia eta El Calafate—, Valdes penintsula, Iguazu eta Rosario ezagutu dituzte. Puerto Madrynera azken bidaia egin zuten (Valdes penintsula), eta asko gustatu zitzaien, bereziki umeei. “Itsas elefanteak, itsas lehoiak, baleak eta pinguinoak ikusi genituen”. Hurrengo bidaia prestatzen ari dira, gainera. Neguan, Saltara —herrialdearen iparraldean dagoen hiria— joan nahi dute autoz eta bidean geldialdiak eginez.
Jendeak duen segurtasunik eza dela-eta kezka azaldu du Chalezquerrek. “Auzo itxietan bizi dira, eta umeak ez dira kalean jolasten; mundu guztiak du kontatzeko gertaera latz bat”. Chalezquerrek ez zuen Hego Amerika ezagutzen, eta gizartearen arteko desberdintasunak oso agerikoak direla azaldu du. Horretaz gain, bitxia iruditu zitzaion hizkuntza bera hitz egin arren hasieran bereziki ulertzeko arazoak izan zituela. Umeek, gainera, arazo bera izan zuten, baina azkar aurkitu zuten irtenbidea. “Eskolan daudenean hango umeek bezala hitz egiten dute, eta etxera iristean, txipa aldatu, eta gazteleraz mintzatzen dira”. Askotan Nafarroan egotea gustatuko litzaioke Chalezquerreri. “Kalera atera, eta patata tortillaren pintxo bat janen nuke”.
Janari ona du, hala ere, Argentinak. Haragiak ospea du mundu osoan, eta hala baieztatu du Chalezquerrek. Baina onartu du bera nekatu dela hainbeste haragi jateaz. “Hala ere, argentinarra ez da inor barbakoarik gabe”. Behin, hango lagun batek kontatu zion Chalezquerri oporretan joateko apartamentu baten bila zebilela. Oso merkea eta hondartzaren ondoan zegoen apartamentu bat aurkitu zuen, baina hain zen merkea, arraroa iruditu zitzaion. Orduan, ziurtatzeko deitzea erabaki zuen, eta konturatu zen zergatik eskatzen zuten hain diru gutxi: ez zuen barbakoarik. Orduan, barbakoa zuen apartamentu bat bilatu zuen lagunak.