Gaurkoan egunkari guztiek irudi historiko (horietako) bat dakarte: Benedikto XVI.a, Vatikano atzera utziz, helikoptero batera igota edo sede vacanteak irauten duen bitartean bizitokia izango duen Castelgandolfo jauregira iritsi berria. Baina gehienek irudiak atzo ikusiko zenituzten, telebistan ala ordenagailuaren pantailan. Eta nik kontu honi buruz hemen esan ditzakedanak baino askoz ere interesgarriagoak dira zuzenean sare sozialetan irakurri ahal izan diren iruzkin zorrotz eta bat-batekoak.
Ezin bestela izan ahozko literaturak (zeinaren azken agerkaria, orain artekoetan sotilena, Twitter baita) idatzizkoa garaitu duen honetan. Ez alferrik, egunotan izaten ari den Nafarroako Bertsolari Txapelketako goiburua Sare soziala da. Bietan bat-batekotasuna balio gorena da. Nik ez dut inoiz bertso bat hitzetik hortzera ekartzeko sentsazioa bizitu, baina irudika dezaket berehalakotasunaren zorabioa zertan datzan, holako zerbait nabari baitut nik, orain gutxi, aita santuaren ukazioaren berriak harrapatu ninduenean. Twitterren irakurri nion ez dakit nori, “Ansa prentsa-agentziaren arabera” zuhur batekin batera. Gerora kalkulua egin dut eta Ratzingerrek iragarpena latinez egin zuenetik agentzia horretako kazetari batek itzulpenik gabe ulertu, berria zabaldu eta nik irakurri nuen arte ez zen ordu erdia ere pasa!
Beste ordu erdi beranduago (irudiak oraindik zabalduta ez zeuden tartean), aferari buruz egin zitezkeen txiste, burutazio eta iruzkin guztiak eginak zeuden. Ordu erdi horretatik atzo bitarteko denbora, eta, susmoa dut, kontua Historiak ahaztu bitartekoa ere bai, luzapen hitsa besterik ez da; kasurik hoberenean, lehen inspirazio izpiaren fintze temosoa.
Uko egitearen aurrekarien auzian, esaterako, iritzi publikoaren burmuin komunak Celestino V.aren kasua berehala aurkitu eta haizatu zuen. Dantek ere, bere Divina Comedia-n, XIII. mendeko aita santu hori famatu zuen, ukoa dela eta. Infernuko atarian kokatzen du, ez barruan eta ez kanpoan, koldar eta neutralei dagokien eremuan. Baina Dantek, gertatu eta hamar bat urte beranduago, aita santuari buruzko bere bertso edo, nahiago bada, tweet famatua bota zuen: “Hainbat jenderen artean ikusi eta ezagutu nuen koldarkeriaz uko handia egin zuenaren arima”.