Nafarroako 54 herritarri egin zieten iaz transplantea, eta beste 80 herritar daude transplante baten zain. Cristina Ibarrola Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko zuzendariak eman ditu datuak. Azaldu duenez, Osasunbideak organo emaile gehiago izateko kanpaina bat jarriko du abian, eta, horretarako, “estrategia berriak” erabiliko ditu.
Transplantea behar duten 80 lagunetatik, 68k giltzurrunekoa behar dute, 11k gibelekoa, batek birikakoa eta beste batek bihotzekoa. Iaz egindako 54 transplanteetatik, berriz, 32 giltzurrunekoak izan ziren, 17 gibelekoak eta bost bihotzekoak. 2011ko datuekin alderatuta, 18 transplante gutxiago egin zituzten iaz. Izan ere, duela bi urte 72 pertsonari egin zieten transplantea. 40 pertsonari giltzurrun transplantea, 27ri gibelekoa eta beste bosti bihotzekoa, hain zuzen ere.
Ibarrolak Osasun Departamentuak hartuko dituen neurri berriak azaldu ditu. Jakinarazi duenez, Nafarroako Ospitaleen Guneak asistolian —bihotzaren jarduera elektrikoa eta mekanikoa galtzea ezaugarri duen sindromea— organoak emateko protokoloa jarriko du martxan udan. Horretaz gain, Osasun Departamentuak bizirik dauden emaileek organoak ematea indartu nahi du. Horrelako lau emaitza izan ziren 2012an, eta aurten gehiago nahi dituzte. Lortzeko, Ibarrolaren ustez, “eragile guztien motibazioa eta kontzientziazioa” handitu behar da.
Tuterara eta Lizarrara eramanen dute, gainera, Nafarroako Ospitaleen Guneak emaile posibleak ahalik eta lasterren identifikatzeko eta monitorizatzeko erabiltzen duen eredua. Aipatutako hiru estrategiekin, Osasun Departamentuak emaileen eta organoen gabeziari aurre egin nahi dio, heriotza entzefalikoak murriztu egin baitira.
Jose Elizalde Nafarroako Ospitaleen Guneko transplanteen koordinatzailearekin batera eman ditu datuak Ibarrolak. Elizalderen ustez, asistolian egindako transplanteak “zailtasun handikoak” dira, eta langileak formatzen ari dira operazioak behar bezala egiteko eta Transplanteen Erakunde Nazionalak agintzen dituen protokoloak betetzeko. Horretaz gain, Elizaldek azpimarratu du Nafarroan “emateko kultura” oso hedatua dagoela, ez emateko kasuak “oso eskasak” direlako. Hala ere, Elizalderen iritziko, emaile gehiago behar ditu lurraldeak: “Transplantea behar duten %6 itxaron zerrendan hiltzen dira”.
Nafarroako transplanteen datuak “kezkagarriak” direla dio Alcerrek. Giltzurrunetako gaixotasunen kontrako elkartea da Alcer, eta urteak daramatza donazioen aldeko kanpainak eta kontzientziazioa egiten Nafarroako gizartean. Iazko urtean donazioek atzera egin zutela jakinarazi dute. “Nafarroak emaile kopuru oso baxua du: 18,6 pertsona milioi bat biztanleko”. Gainera, adierazi dutenez, 32 giltzurrun transplante egin zituen Nafarroak iaz. 2011rekin alderatuz, %20 gutxiago.