Zortzi bertsolari lehiatuko dira bihar finalerako txartela eskuratzeko

Inoiz baino bertsolari gehiago lehiatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo fasean, 31 hain zuzen ere. Adin eta esperientzia ezberdinetako bertsolariak izan dira. Joan den otsailaren 2an Lizarrako Gazteriaren Etxean jokatu zen txapelketako lehenengo final laurdena. Horren ostean etorri ziren Aldazkoa eta Larraintzarkoa. Denera, hamazazpi bertsolari sailkatu dira bigarren fasera. Julio Sotorekin batera, martxoaren 23an Iruñean jokatuko den finalean lehiatzeko zortzi txarteletako bat lortzen saiatuko dira.

2013. urtea txapelketen urtea da. Izan ere, udazkenean abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Iruñeko finalean lehenengo lau postuetan gelditzen diren bertsolariek parte hartu ahal izango dute lehia nagusian. Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak onartu duenez, agerikoa da aurtengoa ez dela beste urte batzuk bezalakoa. “Guretzat urte berezia da, txapelketa nagusia ere jokatuko delako”, ohartarazi du. Gainera, bertsolarien inguruko giroan ere zirrara berezia antzematen dela aitortu du.

Duela bi urte, Nafarroako Bertsolari Txapelketa fase berri batean sartu zen. Ordu arte, urtero-urtero izaten zen lehia herrialdeko bertsolarien artean. “Apurka-apurka konturatu ginen bertsolari zenbait nekatzen ari zirela urtero txapelketan parte hartu beharrarekin, eta zerbait egin beharra geneukala ohartu ginen”, azaldu du Agotek. Erabakia ez zen erraza izan. Azken finean, txapelketa bera herrialdean bertsolaritza sustatzeko baliabide paregabea delako.

Arrazoi horregatik, erdibidea aurkitzen saiatu ziren. Hala, 2011n, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin egitea erabaki zuten. Ebazpen horrekin asmatu zutela irizten dio Agotek. Izan ere, bakarkako txapelketarik ez zegoen urteetarako Bardoak prestatu zuten, taldekako txapelketa. “Publikoaren aurrean bertsotan egiten horren ohituta ez zegoen jendeak lotsa galtzeko balio izan duela iruditzen zaigu”, dio Agotek.

Oso harrera ona izan zuen lehiaketa hark. Antzoki eta areto txikietarako ikuskizun aproposa izan zen, eta bertsolari, gai-jartzaile zein aurkezle andanak parte hartu zuen. “Bertsolaritzaren sareak indartzeko balio izan du Bardoak egitasmoak”, onartu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Gainera, ziur da iaz sortutako sare eta loturei esker izan duela aurten horrenbesteko parte hartzea Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Inoiz baino bertsolari gehiago izan baitira lehian lehenengo fasean, 31 hain justu —2011n baino lau gehiago—.

Arrazoi horregatik hautatu dute txapelketako lelo gisa Sare soziala. “Nafarroako bertsolaritzaren izaera jaso nahi izan dugu. Txapelketa, lehiaz harago, sare sozial gisa irudikatzen dugu”. Bertsolariek, gai-jartzaileek, epaileek, antolaketa lanetan laguntzen dutenek, bertso eskoletako kideek zein bertsozaleek osatzen dute, besteak beste, sare sozial hori.

Herrialdean bertsolaritzak duen egoeraz galdetuta, Agotek ez du inolako zalantzarik: “Egoera onean dagoela esanen nuke; gero eta bertsolari gehiago dira txapelketan parte hatzen dutenak, eta hori sintoma bat da”. Gainera, askok lehenengo aldiz parte hartu dute, Xabier Maiak eta Eneko Fernandezek esaterako. Biek bertsotan publiko aurrean Bardoak txapelketaren bitartez abestu zuten lehenengoz. Elkarteko kideak dioenez, iaz izandako esperientzia onari esker, Nafarroako Bertsolari Txapelketara aurkeztu dira. Gainera, biek gainditu dute final laurdenetako galga, eta finalaurrekoetan izango dira.

Lehenengo finalaurrekoa bihar izango da, Atarrabiako kultur etxean. Julio Soto, Oskar Estanga, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman eta Joxema Leitza arituko dira bertsotan. Bigarren finalaurrekoan lehiatuko da, hain zuzen ere, Eneko Fernandez, Etxarri Aranatzen igandean egingo den saioan. Harekin batera kantatuko dute Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Ander Fuentes Itturri eta Josu Sanjurjok.

Hirugarren finalaurrekoa eta azkena martxoaren 9an izango da, Elizondoko Lur aretoan. Xabier Maia debutantearekin batera honako bertsolari hauek parte hartuko dute: Migel Mari Elosegi Luze, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Oier Lakuntza eta Saio Alkaizak.

Jadanik, Nafarroako Bertsolari Txapelketako arduradunek zehaztua dute hemezortzi bertsolariek finalaurrekoetan egin beharreko lana. Denera, hamabi bertso abestuko dituzte. Zortziko handian, binaka, gaia emanda hiruna bertso osatzea izango da lehenengo zeregina. Horren ostean, zortziko txikian, kasu honetan ere binaka, ofizioka hiruna bertso bota beharko dituzte. Hamarreko txikian ere beste hiru bertso egingo dituzte. Kartzelako lanari dagokionez, aurkezleek bina puntu emango dizkiete bertsolariei, eta erantzun egin beharko dizkiete. Horrekin batera, gaia emanda bi bertso kantatuko dituzte.

Lehen fasearekin, “gustura”

Otsailaren 2an abiatu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketak bere ibilbidea. Bost final-laurden jokatu ziren: Lizarran, Aldatzen, Larraintzarren, Iturenen eta Zubietan. “Areto txikiak nahita aukeratu genituen, lehiaketak berak formatu txikiagoa izan zezan”, azaldu du Agotek. Gaineratu duenez, euren xedea bertso saioak horren ohikoak ez diren aretoak hautatzea zela zehaztu du. “Publikoari dagokionez, oso balorazio ona egiten dugu. Areto guztietan izan dira ehun ikusletik gora, eta hori zenbateko polita da”, dio Agotek.

Duela bi urte eman zuen aretoei dagokionez salto kuantitatiborik handiena. Arduradunek finala Iruñeko Labrit pilotalekuan egitea erabaki zuten. “Bertsozaleek izugarri ongi erantzun zuten, eta pilotalekua betetzea lortu genuen”. Aurten, ordea, Labrit pilotalekuan izan beharrean, Anaitasunan izango da finala, martxoaren 23an. Soilik zortzi bertsolarik lortuko dute finalerako txartela.