Emakume baserritarren II. Foroan gaude gaur, Arbizun. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen, baina ohiko aldarrikapenetik haratago, gure etorkizuna gure eskuetan hartzen. Emakumeok, eta baita gizonek ere, badugu elkartu eta antolatzeko beharra, bide horretan abiatu nahi badugu. Eta zein abiapuntu hoberik, gure elikadura bera gure esku hartzea baino? Jendartearen biziraupenaren euskarria den hori, elikadura, sistema hauskor eta suntsitzaile baten baitan dago, politika neoliberalen ildoan; industria-eredu eta ustiatze intentsiboak bertako nekazaritza galbidean jarri du, eta gaur den egunean jaten dugunaren %95a kanpotik dator. Horrez gainera, elikadura-baliabideak (haziak, lurra, ura) geroz eta jende gutiagoren eskuetan daude, mundu mailan, nazioarteko enpresa handien esku metatzen ari baitira. Bitartean, tokiko ekoizleak nabarmen gutitu dira, bertzeak bertze, ustez nekazariak laguntzeko indarrean diren politiken ondorioz.
Egoera honetan, sekula baino argiago ageri zaigu elikaduraren ekoizpena berreskuratzean datzala gure etorkizuna, eta beharrezkoa dela, orain eta hemen, eredu propio bati segitu eta horren bidez eratzea, antolatzea, gure elikadura-beharrak asetzeko modua. Eta bai, posiblea da. Azken urteetan bide horretan abiatu diren hamaika ekimenek agertzen digute bertzelako eredu bat beharrezkoa izateaz gainera, posiblea dela. Tokiko ekoizpena berreskuratu, modu jasangarrian eta inguruarekin armonian ekoizteko modu (zahar)berriak aurkitu, eta ekoizpena harreman zuzenen bidez banatzea.
Emakumeen zein gizonen eginbeharra da hau, bai, baina honakoan emakumeok elkartu gara. Emea delako bizitzaren sortze-ahalmena, emea delako lurraren EMANkortasuna, eta emakumea izan delako, edo badelako oraindik ere, bizirauteko zaintza bermatzen duena.
Elkarlana, elkarlaguntza, elkartasuna… emearen EMATE horretatik abiatzen dira, eta horixe izan da, hain zuzen ere, goitik behera ezarritako sistema honek gehien erasotu duena: emetasunaren agerpen zuzena den emakumea. Eta bereziki, emakume nekazaria. Hain zuzen ere, mundu osoan emakume nekazariek pairatzen duten bortizkeria solasgai izanen dugu gaurkoan, bertze batzuen artean.
Martxoaren 8 honetan egoera iraultzeko asmoa agertzen dugu, eta nola? Ba, gure elikaduraren ardura gure esku hartuz, burujabetzara bide eginez: tokiko hazien lanketarekin hasi, lurraren zaintzarekin segitu eta elikagaien tratamenduraino, elikaduraren ziklo osoa jorratzen ari gara jardunaldi hauetan. Ezagutzak eta kezkak partekatuz, elkarlan moduak bilatuz, eta elkarrekin gozatuz (lanean, mahai inguruan eta kantuz…). Beti egin izan den moduan, baina bizitzea dagokigun garai berrietara moldatuz.
Gaur, bazkari batekin, amaituko da jardunaldi hau. Bakoitzak bere ingurura eramanen du hemen jasotakoa, eta segituko dugu gure eskuz bildutako haziak ereiten, kimu berriak emeki zaintzen, eta uzta oparoa izanen dela ziur gara. Animatzen? Bidean elkartuko gara!