Haur eskolen izaera “publikoa” aldarrikatzen du Alfredo Hoyuelosek (Iruñea, 1963), 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak eskola horietako ikasleen ratioa igotzeko hartu duen erabakia gaitzetsi du. Izan ere, Hoyuelosen irudiko, irakasle bakoitzak zenbat eta haur gehiagoren ardura izan, orduan eta kalitate txarragoko zerbitzua eskaintzen da haur eskoletan.
Zer defendatzen duzue 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataforman?
Gure iritziz, haur guztiek dute hezkuntza eskubidea jaiotzen direnetik, eta horixe defendatzen dugu. Askotariko zerbitzuak daude haurrentzat: haurtzaindegiak, ludotekak, haur eskolak… Hezkuntza Departamentuak hartu behar du ardura afera horretan.
Zer alde dago haur eskolen eta haurtzaindegien artean?
Haur eskoletan, normalean, titulartasuna publikoa da. Haurtzaindegien titulartasuna, ordea, pribatua izan ohi da. Horrek esan nahi du publikoak diren zentroek kontrol zorrotzagoa izaten dutela. Espazioen ezaugarriak goitik behera zehaztuta daude. Haurtzaindegietan, esaterako, ez dute zertan jolastokirik izan. Beraz, ezberdintasunak handiak dira.
Plataforman behin baino gehiagotan salatu dituzue haurtzaindegietako langileen lan baldintzak.
Horrela da. Haur eskoletako langile guztiak profesionalak dira, eta lan baldintza duinak dituzte. Esaterako, ikasturte osoan etengabeko prestakuntza izaten dute euren ezagutzak garatu ahal izateko. Ez da horrela gertatzen haurtzaindegietako langileekin. Horretaz gain, bada errealitate bat oso adierazgarria dena. Gurasoak haurraren bila haur eskoletara joaten direnean barrura sartzeko inolako arazorik ez dute izaten. Haurtzaindegietan, berriz, atean utzi eta jaso behar izaten dituzte normalean.
Kudeaketa publikoa pribatua baino eraginkorragoa da?
Gure iritziz, kudeaketa publikoa beti da pribatua baino eraginkorragoa. Enpresa pribatu bat atzean badago, dirua irabazi nahi du. Haur eskola publikoetan dena askoz ere gardenagoa da. Gainera, iruditzen zaigu kalitatea eskaintzeko ezinbestekoa dela irakasleek lan baldintza onak izatea. Normalean, kudeaketa publikoan irakasleen lan baldintzak askoz ere hobeak dira.
Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoaren harira egin dituen murrizketek zer-nolako eragina izan dute haur eskoletan ?
Orain arte, urtebete arteko zortzi haur bakoitzeko irakasle bat izaten zen, eta horrela jarraitzea proposatu du Nafarroako Gobernuak. Hala ere, 1-2 eta 2-3 urteko haurren geletan nabarituko dira murrizketak gehien. Izan ere, 1-2 urteko geletako irakasle bakoitzak hamahiru haurren ardura izango du —lehen, hamabirena zuen—, eta 2-3 urteko geletan, ratioa hamaseitik hemezortzira pasatuko da. Guk hasieratik esan dugu Europako Batzordeak zehaztutako gomendioak errespetatu behar direla. Egun zehaztutako ratioen erdia proposatzen du erakunde horrek. Nafarroako Gobernuak ez die jaramonik egin Europako gomendioei, eta ratioa murriztu beharrean handitzea erabaki du, eta, hala, zerbitzuaren kalitatea txartu egingo da.
Ratioa igota benetan aurrezten dela iruditzen zaizue?
Inolaz ere ez. Izan ere, administrazioak inbertsio handia egin beharko du haur eskoletako materiala egokitzeko, besteak beste. Gainera, ezin izanen da orain arte eman den zerbitzu ona mantendu. Oso garrantzitsuak dira haurraren lehen urteak,
Haur eskolek Hezkuntza Departamentuaren menpeko izan behar dutela diozu.
Bitxia da, baina haur eskolak Gizarte Politikako Departamentuaren menpekoak dira. Ezinbestekoa da ardura hori Hezkuntza Departamentuak hartzea bere gain. Izan ere, haur eskoletan haurrak hezi egiten dira, eta hori ez da alor sozialeko zerbait. Programatutako eskolak eta ekintzak eskaintzen dira, dena profesionalen gidaritzapean.