Joan den ostegunean utzi zuen Eguesibarko alkate kargua Josetxo Andia alkateak, UPNk bere aurka zigor espedientea martxan jarri ostean. Azken hamar urtean izan da Andia Eguesibarko alkate. Behin-behinean, bere kargua Estefania Clavero alkateordeak hartu du, heldu den asteartean alkate berria hautatzeko ezohiko batzarra egin artean. NaBaik Alfonso Etxeberria aurkeztuko du alkatetzara, eta PSNk haren aldeko botoa emango duela jakinarazi du. Modu horretan, uko egin dio hautagai propioa aurkezteko aukerari.
Hala, bertan behera gelditu da duela bi aste NaBaik, PSNk eta Ezkerrak gobernu koalizioa osatzeko egindako akordioa. Besteak beste, Eguesibarko Udalean alderdi bakoitzeko ordezkariek zer-nolako ardurak izango zituzten zehaztu zuten. Baina PSNk atzera egin du, eta alderdi guztiek, ziurtzat jotzen dute Alfonso Etxeberria NaBaiko zinegotzia izango dela hurrengo Eguesibarko alkate.
Roberto Jimenez buru duen alderdia iritziz aldatu dela-eta “harrituta” dagoela jakinarazi du Estefania Clavero UPNko kideak, egun Eguesibarko alkate denak. Dioenez, udal gobernu berria “penagarria” izango da. Andiari babesa adierazi dio, eta azaldu du sortutako egoera ez dela batere “erosoa”, ez alkate ohiarentzat eta ez alderdiarentzat ere. “Niretzat neuretzat, bi urte hauek oso gogorrak izan dira, eta pazientziak muga bat dauka”, adierazi du Claverok.
Ustelkeriaren itzala
Ostegunean, kargua utzi zuen egun berean deklaratu zuen Josetxo Andiak Iruñeko Instrukzio epaitegian, Catalunya Caixan diru publikoarekin erositako lehentasunezko akzioen gainean azalpenak emateko. Ofizioz jarraitu beharreko lege urratzeak izan direla pentsatzeko motiboak daudela ebatzi zuen epaileak. Horregatik deklaratu behar izan zuen alkate ohiak.
Jakin denez, 2011n, Andiak Aldacelay udal enpresa publikoko 100.000 euro baliatu zituen lehentasunezko akzioak erosteko. Andia bera, banku horretako langilea izan da. Hala ere, lana behin-behinean utzi egin zuen, Eguesibarko alkate gisa zituen zereginak bete ahal izateko.
Joan den abenduan egindako batzorde batean, akzioak erostean “hanka sartu” zuela onartu zuen Andiak. Azaldu zuen, dena den, “segurtasuna eta errentagarritasuna” izan zituela xede diru publikoarekin erosketak egiterakoan. Hala ere, ez zuen zehaztu, zer-nolako informazioa jaso zuen bankutik lehentasunezko finantza produktuen inguruan. Epaileak zalantzak ditu legezkoa ote den ala ez produktu horiek diru publikoarekin erostea.
Azken hilabeteetan Eguesibarko Udaleko oposizioan batasuna eragin du Andiak. Esaterako, otsail hasieran, Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek —PPNk izan ezik— alkatearen aurka salaketa jarri zuten, hain zuzen, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu baten harira.