Ongietorria emateko prest

Hemen da Korrika, heldu da Nafarroara. Euskararen alde korrika ari dira hamaika euskalakari, eta eskuz esku dabil lekukoa, Nafarroa gau eta egun zeharkatzeko gogo biziz. Goizean goiz iritsi da Korrika Altsasura, eta gaur bertan lekukoari helduko diote Sakanako, Basaburuko, Iruñerriko, Etxauribarko eta Estellerriko herritarrek.

Euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka ikasle omendu ditu aurten AEK-k, haien ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen dutelako. Euskaltegietako ikasleak, gainera, barru-barrutik ari dira ezagutzen Korrika. Asteak daramatzate lasterketaren nondik norakoen berri izaten eta egitasmoan haien harri koxkorra jartzen.

Pausoz pauso ari dira ikasleak euskaltegietan, eta pausoz pauso ari da Nafarroan Korrika, etenik gabe. Lizarran, Olga Lerma, Cristina Lara, Alicia Rivero eta Toño Etxarri izanen ditu zain. Lizarrako Beñat Etxepare euskaltegiko ikasleak dira, eta Korrikaren petoa jantzita euskara elkarri emateko asmoz irtengo dira kalera. Gaur, 22:40an, iritsiko da lasterketa Lizarrara.

Guztiek arrazoi berarengatik eman zuten izena euskaltegian: bere garaian ezin izan zuten euskaraz ikasi, eta, egun, euskararen beharra dute. “Seme-alabekin hitz egiteko beharrezkoa dut”, azaldu du Lermak. Asteartean izan zuten Lizarrako gaztetxoek Korrika Txikia. “Baina gaur ere izanen dira Korrikan”, gaineratu du. Azken asteetan Oihane Jordana irakaslearekin landu dute Korrika. Jokoak, kartelak eta afixak egiten aritu dira ikasleak. “Eromena izan da dena, baina gogoz ekin diogu”, azaldu du Jordanak. Dena prest dute Lizarran, eta zeruari begira egotea besterik ez zaie falta. “Dena den, han egonen gara, elurpean edo euripean”, adierazi du.

Nafarroan hamasei euskaltegi ditu AEK-k. Bertan, 1.050 ikasle ari dira euskara ikasten, eta 61 lagun aritzen dira irakasle moduan lanean. Lan bikoitza izaten dute asteotan euskaltegietako irakasleek. Asier Biurrun da Nafarroako Korrikako koordinatzailea, eta, jakinarazi duenez, duela bi urteko Korrika bukatu bezain laster hasi ziren prestaketekin. “Baina joan den urteko irailean murgildu ginen bete-betean lanean. Nafarroan eskualdeka antolatzen gara; guztira hamabi eskualde daude, eta Korrika prestatzeko 50 bat batzorde eratu ditugu”. Eskualdetako batzordeek eta herri batzordeek egindako lan handia eskertu du Biurrunek. Azken ukituak ematen igaro dute astea. “Korrika iristeko zain eta giroa ikusteko irrikan gaude”.

Gaur arratsaldean iritsiko da Iruñera lasterketa, eta AEK-k jai handia antolatu du ongietorria emateko. Auzoetako karrikak zeharkatu ondoren, 18:00etan Korrika jaia hasiko da Vistabellan. Gaur Ez eta Trikiteens taldeek joko dute, besteak beste. Bihar utziko ditu Nafarroako lurrak Korrikak, Luzaiden. Hala ere, igandean itzuliko da, Berara. “Horregatik, igande goizeko kilometroak saldu dira gehien, eta horietako asko kilometro erdi bihurtu behar izan ditugu, batik bat Esteribarren”, adierazi du Biurrunek. Oraindik ez dute egin kilometroen salmenten kontaketa, baina azkeneko Korrikaren parekoa izanen dela uste dute.

Korrika, beti presente

Nola edo hala, Korrika beti presente dago eskoletan. “Ikasleak Korrikaren inguruan antolatzen diren ekitaldietara gonbidatzen ditugu, parte har dezaten”, azaldu du Aintzane Marinek, AEK-ko Iruñeko Iruñezar euskaltegiko irakasleak. Joan den astean, adibidez, ikasleek eta irakasleek lipdub bat grabatu zuten Korrikaklip lehiaketan parte hartzeko. Asteartean, Marin Korrikaren inguruko txapelketa antolatzen ari zen ikasleekin. “Korrikarekin zerikusirik duten galderak prestatu behar dituzte, eta taldeen artean lehiatuko dira. Ondoren, lasterketarako banderatxoak eginen ditugu”, azaldu du.

Egunero ez bada ere, Marin saiatzen da eskolako ariketak lasterketarekin lotzen. Gainera, AEK-ko materialgintzako arduradunek material berezia prestatzen dute beti lasterketarako. Korrikaren tribial jokoa, adibidez. “Horretaz gain, Andoain eta Baionako herrien informazioa bildu dugu, hasiera eta helmuga direlako”. Ikasleak beti laguntzeko prest daudela jakinarazi du Marinek.

Iruñeko euskaltegiak Castejon eta Cintruenigo herrien arteko kilometro bat erosi du. Astelehen arratsaldean igaroko da hortik lasterketa. “Astelehenean euskaltegiko kide guztiak goaz hara korrika egitera”. Euskaltegiko askorentzat, hala ere, astelehenekoa ez da izanen Korrika ikusiko duten egun bakarra. Hainbat ikasle eta irakasle egon ziren atzo Andoainen lasterketaren aurkezpen ekitaldian. Eta Amaia eta Xabier Arina ikasleak, adibidez, beste bi alditan ariko dira euskararen alde. “Asteburu bete-betea dugu: ostiralean Burlatan, igandean Elizondon eta astelehenean Castejonen”.

Denera, bost egunez ibiliko da lasterketa Nafarroan, eta 900 kilometro inguru ditu egiteko. Milaka euskalakari izanen ditu AEK-ko euskaltegiek antolaturiko ekinaldiak. Iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera, lekukoak bidea eginen du Nafarroan.