Ataka estuan, baina baikor

E rakunde publiko eta pribatuen diru laguntza zeharo gutxitu zaie aurten, baina Tuterako Gizakia Helburu fundazioak aurrera jarraitu nahi du. Horregatik, diru baliabide berrien bila hasi dira. “Berrasmatzeko” garaia heldu da. Erriberan drogekiko mendekotasuna duten pertsonak artatzeko egitasmoa da Tuterako Gizakia Helburu.

Joan den hilabetean batzar ireki bat egin zuen fundazioak, eta bertan eman zuten haien egoera zailaren berri. 110.000 euroko aurrekontua zuen fundazioak joan den urtera arte, eta Tuterako Gizakia Helburu sortu zenetik, 2005etik, diru sarreretan hiru bide nagusi izan dituzte: Erriberako udalen, finantza erakundeen eta erabiltzaile zein anonimoen ekarpenak. Krisiak, hala ere, diru iturri hauek guztiak murriztea eragin du, eta ataka estuan dago fundazioa —20.000 euroko defizita du—. Dena den, baikor agertu dira langileak, baita Alfonso Arana Nafarroako Gizakia Helburu fundazioko zuzendaria ere: “Etenaldia baino ez izatea espero dugu”.

Alberto Cornago, Ubalda Alvarez-Caborno eta Carmen Abian dira bertako langileak. Psikologoak dira hirurak, eta otsailaren 20an lana erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen fundazioak. Sei hilabete iraunen du lan erregulazioak, abuztuaren 19ra arte, eta denbora tarte horretan aurrera atera nahi dute fundazioa. “Gure esku dagoen guztia egin nahi dugu hau ez ixteko”, azaldu dute hiru langileek. %30 murriztu dute lanaldia, eta astelehenetik ostiralera eguneko 5 ordu eta 20 minutu lan egiten dute.

Egoera larria izan arren, zerbitzu guztiak mantendu dituzte, eta erabiltzaileek aldaketa ahalik eta gutxien nabaritzea nahi dute. “Haiei, haien familiei eta guri eragiten digu zuzenean”, esan du Cornagok. Orain, finantzabide berriak bilatzen ari dira, eta fundazioa sostengatuko duen “masa soziala” eratu nahi dute. Horretarako, kanpaina batzuk martxan jarriko dituzte: dirua biltzeko jaialdiak egin, sinadurak bildu eta “beharrezkoa” den guztia. “Sormenari ateak ireki dizkiogu”, gaineratu du Alvarez-Cornagok. Argi dute hirurek behin fundazioa itxita askoz zailagoa izanen dela berriro irekitzea.

Gizakia Helburuko zuzendariak aitortu duenez, orain arte fundazioak ez du oihartzun handirik izan hedabideetan, baina horren beharra dute orain: “Gure proiektua ezagutaraztea nahi dugu, jendearengana iristea. Sei hilabeteko epean finantzaketa lortu ezean, erabaki serioa hartu beharko dugu”.

Arriskua, beraz, badago, eta horri aurre egin beharko diote. Badakite haien egoera ez dela bakarra, hamaika elkarte eta fundazio egoera berean daudela, baina badakite fundazioa desagertzen bada Erriberako pertsona asko zerbitzurik gabe geratuko direla. Iaz, 274 pertsona artatu zituzten, adibidez. “Horretaz gain, erabiltzaileen familiekin egiten dugun lana oso garrantzitsua da”, esan du Aranak. Beraz, zentroa itxiz gero, ondorio garbia ekarriko luke: “Hutsunea”. Erriberako klima sozialak “okerrera” eginen luke, ez dagoelako droga mendekotasuna lantzen duen beste elkarterik, eta bezeroek Iruñeko zentrora joan beharko lukete, edo Tuterako ospitaleko buruko osasuneko sailera. “Askorentzat ezinezkoa da egunero Iruñera joan-etorria egitea, eta Tuterako erietxeko buruko osasuneko sailak lan karga handia du”, azaldu du Abianek. Horretaz gain, ikastetxeetan egiten dituzten sentsibilizazio kanpainak bertan behera geldituko lirateke.

Gizakia Helburuko erabiltzaileak egoeraren jakitun dira, eta kezka azaldu dute. “Askorentzat fundazioa ezinbestekoa da; aurrera atera dira Gizakia Helbururi esker, eta orain kezkati daude”, esan du Abianek. Horregatik, nola edo hala, laguntzen dute. “Sinadurak ekartzen dizkigute, informazioa zabaltzen dute… Erabiltzaileen eta haien familien babes osoa jaso dugu”.

Iruñean du Gizakia Helburuk beste egoitza, baina Tuterakoa baino egoera ekonomiko hobean dago. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza —aurrekontuaren %60— jasotzen du Iruñeko Gizakia Helburuk; ez ordea, Tuterako zentroak. “Tuterakoak bakarrik 2.000 euro jasotzen ditu gazte programa aurrera atera ahal izateko. Egoera guztiz desberdina litzateke gobernuaren diru laguntza jasoko bagenu”, azaldu du Aranak.

1984. urtean eman zituzten lehenengo pausoak droga mendekotasunari aurre egiteko Tuteran. Egoeraz larrituta, guraso talde batek elkarte bat sortu zuen. Drogekin arazoak zituzten pertsonei laguntzen zieten, baina ez zieten tratamendurik eskaintzen. 1991. urtean sortu zen Iruñeko Gizakia Helburu, eta Tuterako elkartearekin harreman zuzena izan zuen. 2005. urtean erabaki zuten Tuteran Gizakia Helburu fundazio propioa sortzea.

Hasitako bidea oraindik ez da amaitu, eta gogotik lan eginez gero jendeak behar bezala erantzunen lukeela uste dute. “Hemendik irtengo gara, eta, seguruenik, indartuta”, esan du Abianek.