(Bar)zinismoa

Zinismo kontzeptua cynismus latinetik heldu da, nahiz jatorria grekoa duen. Zinismo: 1. adiera. Zinismoa Grezian sortu zen. Sokratesen ikasleek sorturiko eskola zinikoa zabaltzen zuen K.a. IV. mendean. Doktrina horrek gaitzetsi egiten zuen garai hartako materialismo eta bizimodu aberatsa, eta jakintza eta izpirituaren askatasuna aldarrikatzen zuen, zoriontasunaren bidea zirelako. Zinikoek plazera ere saihesten zuten, haren zerbitzari ez bihurtzeko. Zinismo zale haiek gizakiaren berezko ustelkeria eta harrokeria zintzotasun osoz adierazten zuten.

Filosofia horren ordezkari ezagunetarikoa Diogenes Sinopekoa izan zen, K.a.412-323. Upel batean bizi zen gizarteko hipokresia salatuz eta askatasun ideiak zabalduz. Argia eta zorrotza, haren esanekoak eta ateraldiak famatuak egin ziren. Esate baterako, Atenasko kaleetan barrena ibiltzen zen eskuargi batekin, "gizon baten bila" zebilela aldarrikatuz. Beste batean, erregeak hezur pila bati begira topatu zuen, eta zertan zebilen galdetuta, erantzun zion: "Zure aita Filiporen hezurren bila nabil, baina ez dakit esklabo baten hezurretatik bereizten".

Zinismo: 2. adiera. Denborarekin, ordea, zinismo kontzeptuaren esanahia erabat aldatu egin da XVII. mendean, Voltairek edo Shakespearek berreskuratu zutenetik. Adieraren okertzea erabatekoa izan da; gaur egun, zinikoa da erabateko lotsagabekeriaz, sarkasmoz eta isekaz gezurtatu edo ekintza kondenagarriak defendatu egiten dituena, Italian izan ezik, italiarrek ulertzen duten moduan kontzientzia baita.

Aspalditxo, munduan, Espainian eta gurean, Luzien Etxezaharretak egunkari honen lerroetan aipatu zuen bezala, gertakariek eta handi-mandien zinismoak zainetatik jauzarazteko gaiak etengabe eskaintzen dizkigute. Zinismoak jendetasun balioen mespretxu argia erakusten du, eta handikien arteko konplizitate higuingarria ere agerian du.

Horietako gertaera eta esanetan, kosta egingo zaigu ahaztea Yolanda Barcinak CANeko dietak zirela-eta, bere burua defendatzeko, atzera ere, demostratu zigun erabateko zinismoa, justifikatu nahian justifikaezina dena. Zuritu nahi horretan ba ote da onar daitekeen gezurrik? Xabier Letek Gezurraren goraipamena artikuluan hamar gezur-mota daudela dio: gezur oportunistak, sentimentalak, errukitsuak, estrategikoak, desesperatuak, xelebreak edo efektistak, gezur sozial arruntak, adeitasunezkoak, erabat profesionalak eta, zerrenda horri bukatzeko, gaiztakeria soilez edo maleziagatik esan ohi direnak. Aukera ditzagun beharrezko gezurrak zuritze-lana osatzeko.

Zinismo: 3. adiera. Lizunkeria, haragikeria. Ez gara honetan luzatuko, Diogenes Sinopekoak Agoran zegoen batean masturbatzen ari zelako jendea kexatu zenean hala esan baitzien han zeudenei: "Nahi nuke sabela igurtziz gosea ere holako erraztasunez desager baledi!".

Zinismoa: 4. adiera. Zikinkeria, garbitasun falta.

(Bar)zinismoa: zeinetan kokatuko zenuke, irakurle? Ez da zaila definitzen, ala? Kontua da jakin badakigula noiz sortu zen, zein filosofia eta pentsaera duen, zeintzuk diren zaleak eta helburuak, baina, hain zuzen ere, noraino ailegatzeko gauza den eta noraino ailegatzen utziko diogun da ez dakiguna, definizioa osatzeko faltako dena.