“Haien egoera latza izan arren, beti dute irribarrea ahoan”

Zazpi mila irlak baino gehiagok osatzen dute Filipinak. Horietako hiru handiak dira, eta gainerakoak, txiki-txikiak, mapan ez dira ikusi ere egiten. Uharte handietako batean, Luzonen bizi da Ainara Peñalver (Aroztegi, 1985) 2010. urteaz geroztik. Tesia egitera joan, lana aurkitu, eta egun, doktoretza egiten dihardu.

Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Faro izeneko beka jaso zuen, Filipinetan bere tesia egiteko. Egun, IRRI izeneko institutuan lan egiten du, entomologiako departamentuan. “Arroz motak aztertzen ditugu, eta ni arduratzen naiz aztertzeaz arrozaren erabilerak zer-nolako eragina duen landare erresistenteetan”. Izurriteak kontrolatzeko modu bat da, eta ekosistema aberatsa izatea du helburu. “Modu ekologikoan lantzen dugu, eta pestizidak erabiltzea saihesten dugu”. Arroza da Filipinetan gehien kontsumitzen den produktua. Iparraldetik hegoaldera arroz soroak daude, eta filipinarren eguneroko jakia ere bada. “Bitxia da, inguru bakoitzean era batera ekoizten dutelako. Iparraldean, adibidez, baratze mailetan edo terrazatan lantzen dute”.

Los Bañosen bizi da Peñalver, Manilatik 60 kilometrora dagoen herrian. “Hemen, herria deitzen diote, baina, Nafarroan, hiria litzateke; Iruñeak bezainbeste biztanle ditu”. Unibertsitate asko daude, eta ikasle giroa du hiriak.

Tagaloa da filipinarren hizkuntza ofiziala, baina 170 hizkuntza inguru daude, eta ingelesa edonon entzuten da. “Hiri handietan eta leku turistikoetan, mundu guztiak daki ingelesa”. Peñalver, hala ere, saiatzen da tagaloz hitz egiten. Bere kabuz ikasi du, lankide filipinarren laguntzarekin, eta, hiru urte ondoren, gutxi gorabehera moldatzen da. “Bertakoekin hitz egiteko, ezinbestekoa iruditzen zait tagaloa ikastea; errespetua da”. Filipinarrak, gainera, beti laguntzeko prest daudela adierazi du. “Haien egoera latza izan arren, beti dute irribarrea ahoan”.

Irribarrea ahoan, eta abesten igarotzen dute eguna. Filipinarren kirola karaokea dela azaldu du Peñalverrek. “Maite dute”. Isiltasuna ez zaiela gustatzen, eta, hortaz, egunero abesten aritzen dira. “Pop estiloko kantak abesten dituzte, eta hamaika karaoke daude”. Karaokeetako kantei, gainera, kaleetako trafikoa gehitu behar zaie: “Beti entzuten da soinuren bat; ez dago isiltasunik”. Horren falta sumatzen du Peñalverrek, eta mendira joan ohi da lasaitasunaren bila. Los Bañosen ondoan ditu mendi garaiak, eta gehienak sumendiak dira; batzuk aktiboak dira, eta beste batzuek ez dute jarduerarik. Gertu dagoen sumendi bat ezagutzen du Peñalverrek. Aktiboa da, eta bi krater ditu: “Urak hartua duen krater handia du, eta, horren barruan, beste krater txiki bat du. Oso bitxia da”.

Peñalverren iritziko, alaiak eta lasaiak dira hango biztanleak, “erritmo filipinarra dute”. Haien bizimodura egokitu da, bai lanean, eta bai bidaiatzean. “Abentura izaten da beti: inoiz ezin da jakin noiz iritsiko den zure helmugara”. Behin, Manilara joateko autobusa hartu zuen Peñalverrek, eta, autopista erdian, kea ateratzen hasi zen. “Matxuratu egin zen, eta gidariak gelditu egin zuen; jaisteko agindu zigun”. Autopistaren erdiko bidera joan zen gidaria, eta errepidetik etortzen ziren autobusak gelditzen hasi zen. “Beste autobus batek Manilara eramatea nahi zuen, eta lortu bazuen ere, egoera oso arraroa izan zen”. Horrelakoak egunero gertatzen zaizkiola dio. Hala ere, ez da askotan joaten Manilara. “Eromena da: jende pilaketa, kutsadura, zirkulazio izugarria… ez du merezi”. Hiri handietan bizi izan da, Txileko Santiagon kasu, baina zerikusirik ez duela azaldu du. “Santiagok kutsadura handia izan arren, izugarri polita da Manilarekin alderatuta”.

Turistei ere ez die gomendatzen hiriburua bisitatzea, baina bai Filipinetako beste txoko batzuk. Padawan irla du gogoan Peñalverrek, inoiz ikusi dituen hondartzarik politenak ikusi baititu han. Horretaz gain, Banaue ingurua gustatzen zaio. “Leku oso polita da, baina gehiegi ustiatu dute turismoa; hori baino gehiago, inguruan dagoen guztia gustuko dut”. Iparraldean dago, eta mendiz inguratuta. “Hango haize freskoa eskertzen da”. 30 gradu inguru egiten ditu egunero Los Bañosen, eta hezetasun handiko lurraldea da. “Izerditan pasatzen ditugu egunak”. Urte osoan, horrelako tenperatura egiten du, baina bi garai daude Filipinetan. Orain, lehorte sasoian daude, eta ez du euririk egiten. Ekainetik azarora izaten da euri sasoia, eta, beroa egin arren, egun osoan daude euripean. “Hilabete txarrenak uztaila eta abuztua dira, orduan izaten dira tifoiak”.

Zortea izan du Peñalverrek, ez duelako ikusi tifoi arriskutsurik. “Orain dela hiru urte, hiru gradukoa egon zen; bi egun pasatu genituen ur eta elektrizitaterik gabe; haizea eta euria gogor ari zuen, eta palmerak horizontalean zeuden; ez dut imajinatzen bost graduko tifoia nola izanen den”.