Iruñeko kartzelara hiri garraioa iristea nahi du Salhaketak

“Inork ez du ospitale bat eraikitzen garraio publikoa iristen ez den toki batean. Iruñeko kartzela zerbitzu publikoa da, baina ez dago inolako garraio zerbitzu publikorik hara joateko”. Salhaketa elkarteak “beharrezkoa” ikusten du Iruñeko kartzela hiriaren erdigunearekin lotzea hiri garraioaren bidez, zerbitzuak onurak ekarriko dizkielako presondegira joan behar duten pertsonei.

Nafarroako Parlamentua, Iruñerriko Mankomunitatea eta Iruñerriko zenbait udal hiri garraioa ezartzearen alde azaldu badira ere, finantzaketa eta errentagarritasun ekonomikoaren arazoak jarri dituzte mahai gainean. Presoen aldeko elkarteak, berriz, uste du giza interesa interes ekonomikoaren aurrean jarri behar duela gobernuak eta, kartzela zerbitzu publikoa den heinean, herritarren beharrak ase behar dituztela.

2012. urteko ekainean estreinatu zuten kartzela berria Santa Luzia muinoan, eta, ordutik, presondegiko langileek, presoen familiek eta gainerako erabiltzaileek taxiz, autoz edo oinez joan behar izaten dute. Autobus geltoki hurbilenak Buztintxurin eta Berriozarren daude. Espetxetik 1,5 eta 2 kilometrora daude, eta oinez 20-30 minutu inguru egin behar izaten dituzte. Horren guztiaren harira, joan den astelehenean elkarretaratzea egin zuen Salhaketak Iruñean Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza aurrean.

Ez da lehenengo aldia Salhaketak hiri garraioa presondegiraino iristea eskatzen duena. Iaz, beste bederatzi elkarterekin batera, manifestu bat aurkeztu zuten, “beharrezkoa” den zerbitzu hori eskatuz. 1.100 sinadura ere bildu dituzte. “Hirugarren graduko presoentzat, senideentzat, langileentzat eta beste edozein herritarrentzat ere nahitaezkoa da autobus zerbitzua”, azaldu dute. Lanean jarraituko du Salhaketak, bai talde politikoekin baita gizarte eragileekin ere, espetxeraino hiri garraioa iritsi arte.