“Krisiarekin, drogen kalitatean jaitsiera izan da”

Drogen eta alkoholaren inguruko ikerketa publikoa egin berri du Hegoak elkarteak. Diotenez, krisi ekonomikoaren eraginez antzematen da jaitsiera drogen kalitatean. Maite Ziganda Hegoak elkarteko koordinatzailea da (Iruñea, 1978). Tuterako Gizakia Helburu elkartea desagertzear egotea tamalgarria dela jakinarazi du. Izan ere, substantziekiko menpekotasunen bat dutenek bizitokitik gertu artapena jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatu du.

Drogetan gero eta substantzia faltsutu gehiago daudela salatu duzue. Zer dela-eta gertatzen da hori?

Krisi ekonomikoaren eraginez, diru falta dago, eta substantzien fenomenoan ere antzematen da kalitate jaitsiera. Substantzien printzipio aktiboek beren ezaugarriak dituzte. Esaterako, speedaren kasuan, printzipio aktiboa anfetamina da. Baina, sarritan, printzipioarekin zerikusirik ez duten substantzia faltsutuak aurkitzen dira, azukrea eta kafeina esaterako. Agerikoa da produktu faltsutzaile horiek askoz ere merkeagoak direla.

Alkoholaren inguruko azterketak ere egin dituzue.

Duela bi urte hasi ginen alkoholaren analisiak egiten jai guneetan, baita gure egoitzan ere. Bestelako drogekin gertatzen den bezala, saltzen den alkoholaren kalitateak ere behera egin du. Jai guneetan, sarritan ardura eskatzea kosta egiten zaigu, baina eskatu beharko litzatekeela iruditzen zaigu.

Lehen esan duzunez, krisi ekonomikoaren eraginez drogen kalitatea murriztu egin da. Horrek kontsumoan eraginik izan du?

Oraingoz, ez daukagu datu ofizialik. Hala ere, elkarte gisa jai gune askotan izaten gara, eta gazte askorekin hitz egiteko aukera izaten dugu. Iaz, esaterako, 35.000 gazterekin egoteko aukera izan genuen. Ohartu gara drogen kontsumoa oso fenomeno aldakorra dela, kontsumoak aldatuz doazelako. Lehen, esaterako, heroina zen gehien kontsumitzen zen droga. Orain, ordea, substantziaren bat hartzen dutenen %5ek soilik kontsumitzen dute heroina. Hala ere, krisi ekonomikoaren eraginez, areagotzen ari dira langabezia, etxe kaleratzeak, arazoak… Horrek drogekin erlazio gatazkatsuak izatea eragiten du.

Duela gutxi, Nafarroako Parlamentuak Drogen Mendekotasunaren II. Plana onartu zuen. Zer balorazio egiten duzue?

Bigarren plana beharrezkoa zela iruditzen zaigu. Lehen esan dudan bezala, drogen errealitatea izugarri aldatu da azken urteetan. Hasiera batean, plana egiten hasi zirenean, elkarte guztien ekarpenak kontuan hartzen hasi ziren. Baina, behin plana erredaktatuta, alboratu egin dira elkarteak. Esan liteke hasierako parte hartzea bertan behera gelditu dela. Iruditzen zaigu planak kontuan hartzen dituela pertsona ezberdinak eta substantziekin izan daitezkeen erlazio motak.

Jakin denez, Tuterako Gizakia Helburu proiektua kolokan dago. Zer eragin izan dezake horrek?

Benetan oso albiste tristea da. Ez dira konturatzen Nafarroa herri txikiz osatua dagoela eta herri txikietan bizi direnek hiri handietako biztanleen eskubide berberak dituztela. Azkenean, Tuterako Gizakia Helburu ixten badute, mendekotasunen bat duten lagunek Iruñera etorri beharko dute artapena jasotzera. Itxierak atzeraldia eragingo luke orain arteko lanean. Administrazioak saiatu behar du arazo horri irtenbideren bat aurkitzen. Elkarteko kideak ahalegin handia egiten ari dira proiektuak aurrera jarrai dezan.

Zein erlazio duzue droga mendekotasunaren alorrean lanean aritzen diren gainontzeko elkarteekin?

Alor horretan lanean aritzen garen elkarteetako ordezkariak bi hilabetean behin elkartzen gara. Bilera horietan aztertzen dugu gure lana zertan den, nola mantendu gure baliabideak… Elkarte bakoitzak bere erara egiten du lana. Baina, gure idurikoz, guztiak gara garrantzitsuak. Izan ere, droga mendekotasunaren alorrean mota ezberdinetako elkarteek egon behar dute. Kontuan hartu behar da mendekotasunen bat duen pertsona batek artapena behar duenez zerbitzu batzuk baliagarri egingo zaizkiola eta beste batzuk ez.

Nolakoa da Hegoak elkartearen egoera ekonomikoa?

Administraziokoek askotan esan izan dute gure baliabideen gainetik bizi izan garela, baina hori gezurra da. Hegoak taldean urtero- urtero egoera ekonomiko estuan egon gara. Beti zalantza izaten da urtea amaituko dugun edo ez. Nik uste ezinbestekoa dela administrazioak guk egiten dugun lana serio hartzea.