“Ez dugu pena eman nahi”. Ion Molinuevoren hitzak dira, Iruñeko aterpearen erabiltzaile ohiarenak. 17 hilabete eman zituen han. Orain, bizitza berreskuratu du. Umezurtz geratu zen, eta haurtzaro gogorra izan zuen. Hurrengo urteak ez ziren errazak izan. Alkoholikoa zen, eta urteak eman zituen hiriz hiri, leku finkorik gabe. 50 urte bete arte. “Ezin nuen horrela jarraitu; laguntza behar nuen”. 2011ko urtarrilean atera zen aterpetxetik. Orain, logela bat alokatu du, eta familia batekin bizi da Iruñean. “Familiaren parte sentitzen naiz; oso ongi hartu naute”. Gainera, ez du harremana eten aterpearekin: bisitan joaten da, eta haien laguntza jasotzen du oraindik ere. “Haiei esker naiz orain naizena, izugarri lagundu didate”. Ez dela erreza, baina ahaleginarekin egoera horretatik edonor atera daitekeela uste du. Berak egin zuen bezala.