CHEko buruaren dimisioa eskatu du UAGNk, uholdeen kudeaketa dela eta

Negua euritsua izan dela gauza jakina da. Baina UAGNk gogor kritikatu du CHE Ebroko Ur Konfederazioak eurite horien harira egindako kudeaketa. Izan ere, azken bi hilabeteetan, CHEk Ebro ibaiak eragindako uholdeen kudeaketa txarra egin duela irizten dio UAGNko presidente Felix Beriainek. Hala, Xabier de Pedro CHEko presidenteari dimisioa emateko eskatu dio.

Beriainek ohartarazi duenez, ia hiru hilabete dira Erriberako nekazari askoren lursailak urak hartuta daudela. “Neguko uzta galdu da, eta ezin izango dugu udaberrian ezer landatu”, ohartarazi du UAGNko buruak. Arazoak urtarrilean du sorburua. Orduan izandako euriteetan, Ebro ibaiari eusten zioten zenbait ezponda lehertu egin ziren; tartean, Castejongoa.

Hala, UAGNko presidenteak jakinarazi du, zenbait nekazari prest daudela ezponda horiek euren poltsikotik ordainduta konpontzeko, berriz ere urak soroak har ez ditzan. Baina argitu du Ebroko Ur Konfederazioak ez duela horretarako baimenik ematen. Hala ere, Fontellasen zenbait nekazarik Ebro ibaiari eusten zion horma konpondu dute euren kabuz.

“Muturreko egoeran gaude, eta CHEk bere gain hartu behar ditu aitortuta dituen ardurak”, dio Beriainek. Gainera, salatu du erakundeak ez duela inoiz egoeraren inguruan inolako azalpenik eman nahi izan. Azken bi hilabeteetan isilik eduki dutela jakinarazi du. Horren haritik, CHEren jarrera “ezin dela onartu” irizten dio Beriainek.

Urak hartutako soroak Castejondik Zaragozako mugaraino hedatzen dira. Denera, oraindik ere, 1.500 hektarea daude, baina 3.000 hektarea ere egon dira azken hiru hilabeteetan. Nekazariak ordezkatzen dituen sindikatuak ez ditu kalteak zenbatu, oraindik, baina jakinarazi du galdu egin dela brokoli, orburu eta borraja ekoizpena. Horrez gain, ziurtatu du eragin kaltegarria izango duela garagar, gari, arto eta bestelako barazkien ekoizpenean.

Egoerak eragiten dien “itolarria” dela eta, muturreko neurrien alde egiteko prest agertu da Beriain. “Egoera negargarri honi irtenbidea aurkitzen ez bazaio, auzitara joko dugu”, ohartarazi die Ebroko Ur Konfederazioko buruei.

Irtenbide zaila

Egoera “korapilatsua” denez baikor jokatzea ia ezineko egiten zaiola onartu du Beriainek. “Okerrena hori da, ez dudala luze gabe irtenbiderik espero; konfederazioak ez du ezponda hautsiak konpontzeko asmorik”. Alde horretatik, Ebroko Ur Konfederazioari jakinarazi dio hari dagokiola ezponda hautsiak konpontzea. Horretarako 22.000 eurorekin nahikoa litzatekeela kalkulatu du.

Ebroko Ur Konfederazioaz gain, uholdeen ardura Nafarroako Gobernuak ere baduela uste du nekazarien sindikatuak. “Ibaiak eta inguruak ez ditu behar bezala garbitu”, azaldu du Beriainek.

Beriainek jakinarazi du datozen asteetan manifestazio bat egingo dutela CHEk Zaragozan duen egoitzan, erakunde horrek ardurak bere gain har ditzala eskatzeko. Izan ere, argi eta garbi utzi du euren eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela.