Lege erreforma aldarrikatu dute taxilariek

Taxilarien sektoreak Nafarroan egoera “larria” bizi duela jakinarazi du Tele Taxi San Fermin Elkarteko kudeatzaileak, Juan Luis Garciak. 2005ean onartu zen Taxiaren Legea berriztatu beharra dagoela ohartarazi du, sektoreak aurrera jarraitu ahal izateko. Hala, bat egin du PSNk duela zenbait egun egindako proposamenarekin.

PSNk iradokitakoaren arabera, haurrak pertsona baten gisa kontatuko dituzte taxilariek. Horrez gain, taxi gisa erabiltzen diren ibilgailuak hamar edo hamabi urtean behin berritu ahal izango dira. Garciaren hitzetan, “azken finean, taxiaren sektorearen araudia aldatu nahi dute; besteak beste, taxi gidariak kontratatzeko aukera jasotzen da”. Horrez gain, ezinbestekoa iruditzen zaio Garciari taxilari “pirata” gisa lanean aritzen direnak salatzeko aukera izatea. “Izugarri garrantzitsua da legez kanpo taxilari moduan aritzen diren horien kontrako isunak handitzea”, dio. Era berean, isuna ordaindu ezean legez kanpoko taxilarien ibilgailuak geldiaraztea jasotzen du PSNk egindako lege proposamenak.

“Aurrerapauso txikia da, baina badirudi eragile sozialak ohartzen hasi direla egunero aurre egin behar izaten diegun arazoez”, dio Garciak. Gaineratu duenez, taxilari “piraten” aurkako zigorrak legez kanpoko lehiakortasun areagotuz doan neurri berean handitu behar dira.

Datozen asteetan, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute PSNk egin berri duen proposamena. Garciaren ustez, hori onartuz gero, litekeena izango da zenbait herritan dagoen garraio hutsunea betetzea.