Oinarrizkoena falta denekoa

Lo egiteko leku finkorik gabe bizi dira. Edozein kutxa automatiko edo kalea izaten da askotan haien etxea, kartoipean biziz. Hiriz hiri eta aterpez aterpe ematen dituzte egunak. Poltsikoan ezer ez, eta ahora eramateko ezer gutxi. Etxebizitza eskubidea eskuraezina izaten da askorentzat, eta horientzat izan ohi dira etxerik ez duten eta kalean lo egiten duten pertsonentzako aterpeak. Aldi baterako ohea, janaria eta laguntza eskaintzen dizkiete behar larriak dituztenei. Nafarroan lau daude: Iruñean, Tuteran, Arguedasen eta Altsasun. Eskaera, hala ere, eskaintza baino handiagoa da. Zenbat jende bizi den kalean, datu zehatzik ez dago, baina Espainiako Estatistika Institutuaren jakinarazi berri dituen datuen arabera, Nafarroan 100.000 biztanleko 129,5k ez dute etxerik.

Hala bizi dira Mikel eta Maño —izen asmatuak dira biak, pribatutasun gorde nahi dutelako—. Joan den asteartean utzi behar izan zuten etxerik gabeko pertsonentzako Iruñeko aterpetxea, eta seguruenik beste hiri bateko aterpetxean egonen dira orain. “Inoiz ez dakizu zer eginen duzun hurrengo egunean”, dio Mañok. Huescakoa (Espainia) da, eta han bizi dira haren seme-alabak. Haiekin harreman ona duela aitortu du, baina ez du haien laguntzarik jasotzen.

Bere egoera onartzen du Mañok, eta hiriz hiri egotea ez zaiola inporta aitortu du. “Orain hemen, bihar han; egun bat edan gabe, beste egun bat edanda”. Urteak dira kalean bizi dela. Emaztearekin harremana eten, lana galdu, eta bat-batean ezer gabe gelditu zen, bakarrik. Ohartzerako “zeharo” aldatu zitzaion bizitza. Aterpetxeetan eskainitako arreta eskertzen du, baina badaki ez dela irtenbidea. “Hiriz hiri eta aterpez aterpe bizi naiz; nola edo hala beti aurrera atera naiz, ez naiz kexatzen”, dio Mañok.

Zorrotzago aritu da Mikel. Iruñekoa da, eta 25 urte baino gutxiago ditu. Bi urtez egon zen kartzelan, eta ateratzean lur jota geratu zen:”Familiarekin ez dut harremanik, emaztea beste gizon batekin bizi da, eta bakarrik nago”. Zazpi hilabete daramatza norabide finkorik gabe. “Erroldarekin arazoak izan ditut, eta, horregatik, ezin naiz geratu Iruñeko aterpean”, aitortu du. Kaleko bizimodua ongi ezagutzen du Mikelek, eta behin baino gehiagotan pentsatu du presondegiko bizimodua “eramangarriagoa” dela. “Gogorra da; baina, han behintzat, ohea dut, janaria, patioa… Ezer ez badut, hobe da kalean bizitzea? Zalantzak ditut”. Egoera latza izan arren, biek aitortu dute, oztopoz oztopo, kalean laguntasuna aurkitu dutela. “Nork lagunduko digu, bestela?”.

Dagoeneko negua igaro da; urtaro beltzena izaten da etxegabeentzat. Haien baldintzek okerrera egiten dute. Iruñeko aterpetxean, negu oro, hotzari aurre egiteko protokoloa martxan jartzen dute, eta ohea eskaintzen diete behar duten guztiei. Negu honetan, 145 pertsona artatu dituzte.

Iruñeko etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeko zuzendaria da Ruben Unanua. Jangela, aterpea eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete behar gorrian direnenei. Bi programa dituzte: Nafarroan erroldatuak daudenentzat eta erroldatu gabe daudenentzat. Erroldatu gabe daudenek gehienez ere hiru egun igaro ditzakete, eta ondoren beste hiri batera aldatu behar izaten dute. “Hemen egindako lanagatik egunero bi euro ematen dizkiegu, eta diru horrekin gehienek autobus txartela erosten dute. Badakigu ez dela irtenbidea, baina ezer gutxi egin dezakegu ditugun baliabideekin, berehalako laguntza da”. 25 leku dituzte aterpean ibiltarientzat. Nafarroako beste aterpeek —Arguedaskoa, Tuterakoa eta Altsasukoa— ibiltarientzat eskaintzen dute zerbitzua. Iruñekoak, gainera, Nafarroan erroldatuentzat 25 leku ditu.

Batez beste, Iruñean erroldatutakoek sei hilabete igaro ditzakete aterpean. “Lan sakonagoa egiten dugu haiekin hasieratik, bakoitzaren beharretara egokituta”. Inoiz ez dute erabiltzaile bat kaleratzen aukeraren bat ez baldin badu. Alternatibak desberdinak izan daitezke: logela bat lortzea edo baliabide ekonomikoak izatea. Aterpea uzten dutenean, gainera, lanean jarraitzeko aukera ematen diete. “Gehienek buruko osasun arazoak eta drogekiko mendekotasuna dute. Hasierako egoerara ez itzultzea nahi dugu”.

“Korapilatsua” da jakitea nola iritsi diren dauden egoerara. Unanuak arrazoi askoren batuketa izaten dela uste du: “Bata bestearen atzetik gertatzen dira: drogekiko mendekotasuna, gertuko pertsona baten heriotza, lana galtzea, familia zatitzea…”. Laguntza eske ailegatzen dira aterpera. Gehienek harremana galdu dute familia eta lagunekin. Baliabide ekonomikoak lortzea izaten da haien lehentasuna, logela bat alokatzeko eta haien bizitza berreskuratzeko. “Gehienak bakarrik daude, eta haiekin hitz egitea eta entzutea oso garrantzitsua da, askotan barruan dutena askatu behar dutelako; bakardadea da haien arazo nagusia”.

Psikologoak, hezitzaileak eta gizarte langileak aritzen dira haiekin lanean. Urtetan kalean bizi izan dira, araurik gabe, eta batzuei ez zaie erraza egiten aterpeko bizimodua. Egunero dinamikak izaten dituzte, nora jo eta nondik hasi erabakitzen laguntzeko. Horretaz gain, lanbide tailerrak egiten dituzte. “Orain dela gutxi baratz txiki bat egin zuten, eta boluntarioen laguntzekin zineforumak antolatzen ditugu”. Erabiltzaileek, gainera, bajouncieloabierto.wordpress.com bloga dute eta beren esperientziak idazten dituzte. “Haien txokoa da”.