“Salda beroa ematea etxegabeekin hitz egiteko eta egoteko aitzakia izan da”

Gogorra izan da aurtengo negua, bereziki kale gorrian bizi direnentzat. Aurten, baina, berotasun apur bat jaso dute. Iruñeko Paris 365 elkarteak salda beroa banatu du, negu osoan, Iruñeko etxegabeen artean. Egitasmoa “arrakastatsua” izan dela dio Eliana Alemanek (Kolonbia,1973), eta, denera, 60 etxegabek hartu dute salda. Aleman arduratu da kanpaina koordinatzeaz, eta jakinarazi du parte hartu duten boluntario guztiek, salda banatzeaz gain, solasaldi “atseginak” izan dituztela etxegabeekin.

Neguan aritu zarete Iruñean etxegabeei salda banatzen. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Abenduaren 21etik martxoaren 31ra arte aritu ginen Iruñeko kaleetan salda beroa banatzen. Astero hiru aldiz, —astelehen, asteazken eta ostiralez— 19:00etatik 22:00etara aritu ginen hiriko txokoetan. Oso esperientzia ona izan da, arrakastatsua. Azken finean, salda banatzea haiekin egoteko eta hitz egiteko aitzakia baino ez da izan.

Eta haiek eskertzen dute solasaldi bat izatea?

Askok bai. Izan ere, denek ez zuten salda hartzen. Batzuek, bakarrik hitz egin nahi zuten, tarte batez haiekin hizketan aritzea. Nik uste dut hori izan dela egitasmoaren alderik garrantzitsuena: alde gizatiarra. Elkar ezagutzea, hitz egitea eta laguntzea. Biziki eskertzen zuten, adibidez, bakoitzari bere izenez deitzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle eta irakasle talde bat aritu da zuekin ikerketa bat egiten.

Kanpaina hau aurrera atera dugu, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Iruñeko Hezitzaile Eskolarekin batera. Unibertsitateko Soziologia departamentuko langile eta ikasle talde batek ikerketa abiatu du etxegabeekin. Gurekin aritu dira egun batzuetan, eta beste batzuetan haien kabuz egon dira etxegabeekin. Zerbitzu bidezko ikasketa metodologia erabili dute ikerketan, eta haien emaitzen esperoan gaude. Maiatzerako egonen direla esan digute. Besteak beste, Iruñean zenbat etxegabe dauden eta zein den haien egoera jakinen dugu. Ikertzaile taldearen helburua da etxegabeen arazoa gehiago ezagutzea eta etorkizunari begira nola aurre egin jakitea.

Zenbat pertsonari eman zenieten salda beroa eta hitz egiteko aukera?

Denera, 60 pertsonari banatu genien salda. Gehienak alde zaharrean bizi dira, eta han egiten dute bizitza. Kutxa automatikoetan eta aurkitzen dituzten beste txokoetan lo egiten dute. Guztira, 49 boluntariok hartu dute parte kanpainan. Saldaz gain, kalea jasangarriago izateko kit bat eman genien denei: lo-zakua, bizkar zorroa eta termoa.

Haiekin lanean jarraituko duzue?

Iruñean etxerik gabe dauden pertsona guztiak gure laguntza izatea nahi genuen. Batzuk lehenagotik ezagutzen genituen, eta beste batzuk ezagutu berri ditugu. Haiekin egoten ginenean gure zerbitzuen berri ematen genien: jantokia eta txokoa, adibidez. Informazioa eman eta haien egoerari aurre egiteko ditugun baliabideak eskura jarri genizkien. Orain, behintzat, aukerak dituzte. Esperientzia berria izan da guretzat salda banatzearen kanpaina, baina argi dugu datorren neguan eutsi egingo diogula. Guretzat, egitasmoa oso aberasgarria izan da, eta nik uste dut haientzat ere hala izan dela. Gau hotzetan berotasun apur bat eman diegu.