Zortzi lagun hil dira errepide istripuetan lehenengo hiruhilekoan

2012. urtea urte latza izan zen Nafarroako errepideetan. Izan ere, iragan urtean, 45 lagun hil ziren zirkulazio istripuengatik, 2011n baino 17 lagun gehiago. Nafarroako Gobernuak, 2013ko lehenengo hiruhileko datuak jakinarazi berri ditu. Hala, adierazi duenez, denbora tarte horretan zortzi lagun hil dira auto istripuetan: zazpi, herrialdeko errepide sarean; beste bat, hiri bideetan.

Berez, iazko datuekin alderatuta, %38,46 murriztu dira Nafarroan zirkulazio istripuengatik hildako pertsonen zenbatekoa. Gobernuak egin duen behin-behineko balantzearen arabera, martxoan bi lagun hil dira, iaz hilabete berean baino hiru lagun gutxiago.

Dena den, errepideetan ibilgailuek harrapatuta hildako lagun kopuruarekin kezkatuta agertu da gobernua. Izan ere, 2013ko lehenengo hiru hilabeteetan hil diren zortzi lagunetik bost, ibilgailu batek harrapatuta hil dira. Alde horretatik, neurriak hartzeko premia nabarmendu dute, hainbat kasutan ekiditeko modukoak direlako halako ezbeharrak.

Oporretan normal

Bestalde, Aste Santuan ez da arazo larririk izan Nafarroako errepide sarean. Oporretako itzuleran 439 gidari salatu dituzte, gehiegizko abiaduran gidatzeagatik. Hala ere, egindako alkohol azterketatan inork ez duela positibo eman jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Foruzaingoak, joan den ostegunetik astelehenera bitarte, 8.517 ibilgailuren abiadura kontrolatu du, eta horietatik 439ri jarri diete isuna, gehiegizko abiaduran gidatzeagatik. Esaterako, AP-68 errepidean, gidari bat radar batek orduko 188 kilometroko abiaduran harrapatu zuen radar batek.

Istripuei dagokienez, denera 29 istripu izan dira, eta horien eraginez, 11 lagun zauritu. Guztiek, senda agiria jaso dute. Foruzaingoak jakinarazi duenez, zauritu guztiak arinak izan dira. 2012ko datuak aintzat hartuta, istripu kopuruak ere behera egin du Aste Santuko oporraldian. Izan ere, duela urtebete 34 istripu izan ziren.