Elkartasunaren kontzertua

Azken urteetako ibilbidea malkartsua izan da euskarazko hedabideentzat. Krisi ekonomikoak eragindako publizitate jaitsieraz gain, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak ezerezean gelditu dira. Hala, askoren etorkizuna kolokan dago. Hedabide bakoitzak bere bidea egin beharrean, denbora da elkartasunaren alde egin zutela. Horren fruitua da bihar Elizondoko Lur aretoan izango den kontzertua. Emanaldi bat eskainiko dute Petti, Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Joxe Anjel, Amaia Zubiria eta Edortak, Xorroxin, Xaloa, Ttipi Ttapa eta BERRIAren aldeko kontzertu bat, hain zuzen. Bildutako dirua hedabide horietara bideratzeko asmoa dute antolatzaileek.

Dena taxutzen lanez gainezka dabil azken egunetan Estebe Apezetxe Bai Euskarari-ko Baztango Udaleko teknikaria. Beste hainbat lagunekin batera, euskarazko hedabideen aldeko kontzertua antolatzeaz arduratu da. Onartu du ekitaldiak ez duela hedabideen etorkizuna ebatziko, baina nolabait gizartea “aktibatzeko” balioko duelakoan dago.

Iritzi berekoa da Mari Karmen Irungarai Xorroxin irratiko esataria. Azaldu duenez, euskarazko hedabideei sostengua ematen dieten lagunei trukean zerbait eskaini beharra dago. “Kontzertuan goxo egoteko aukera izanen dugu, eta euskarazko hedabideek aitzinera egitea nahi dugula erranen dugu”, dio Irungaraik.

Azken urteetan publizitatearen murrizketa izan dela onartu du Joxema Irigoien Ttipi ttapa aldizkariko zuzendariak. Hala ere, ez du ahaztu nahi izan azken urteetan Nafarroako Gobernuak diru laguntzetan murrizketak egin dituela. Izan ere, 2009an bertan behera gelditu ziren euskarazko hedabideetara bideratutako laguntzak. Hurrengo bi urteetan laguntzak izan ziren arren, 2012tik ez du dirurik eman Administrazioak. Ondorioz, Ttipi ttapa-ren kasuan orrialde kopurua murriztu behar izan dute, eta banaketa egiteko ardura aldizkariko langileek berek hartu dute.

Diru laguntzen murrizketa apenas nabaritu duten Xaloa telebistan. Izan ere, emititzeko lizentziarik ez dutenez, Nafarroako Gobernuak ukatu egin dio hedabide horri laguntzak jasotzeko eskubidea. Ioseba Igarabide Xaloako zuzendariak jakinarazi duenez, oraindik orain lanean jarraitzen badute, herritarren babesari esker jarraitzen dute. Ziur da larunbatean Elizondoko Lur aretoa betetzea lortuko dutela. “Orain arte bezala, euskaltzaleek euskarazko hedabideei elkartasuna adierazten jarraituko dute”. Beste hedabide batzuk ez bezala, Xaloak ez duela ia publizitate jaitsierarik izan jakinarazi du Igarabidek.

BERRIAk, joan den urtean, krisi ekonomikoari aurre egin eta proiektua sendotzeko Zure ziztada behar dugu kanpaina jarri zuen abian. Erantzun aparta jaso zuen, eta babes hori sendotuz jarraitu nahi dutela ohartarazi du Jose Anjel Aldai BERRIAlagunen komunitatea indartzeko kanpainaren arduradunak. Orain, euskarazko egunkariaren 10. urteurrena baliatuz, babes hori sendotuz jarraitu nahi du, kalitatezko produktua eskainiz.

Kontzerturako deia

Egoera larria izan arren, euskarazko hedabideen beharraz ohartarazi du Apezetxek. Hala ere, jakitun da biharkoaren moduko kontzertuek ez dutela komunikabide horien egoera ekonomikoa ebatziko. Hala ere, dei egin diete Baztan, Bortziri, Malerreka zein Nafarroako euskaldunei Elizondoko Lur aretoan izango den emanaldira joateko. Bihar, 21:00etatik aurrera salgai izango dira Lur aretoan bertan euskarazko hedabideen aldeko kontzertuko sarrerak, hamar euroan.