Laugarren urtez Euskaraz Bizi Eguna antolatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Jaia bihar egun osoz izango da, Agoitzen. Beste behin, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Nestor Esteban EHEko kideak argi utzi du: “Euskal Herri euskaldunaren bidean, bakoitzak beretik eta guztien artean egin behar dira urratsak, auzolanean”.
Euskaraz Bizi Egunaren laugarren aldia izango da biharkoa. Aurretik, Etxarri Aranatzen, Gernika-Lumon (Bizkaia) eta Donostian ospatu da. “Argi genuen aurten probintziaz aldatu nahi genuela, eta, horretarako, Agoitz hautatu dugu, Euskal Herriko ekialdean dagoen herri bat”, dio Estebanek. Gaineratu duenez, bere inguruneko herririk handiena da Agoitz, eta hori ere jaia egiteko tokia hautatzeko beste arrazoietako bat izan da.
Euskaraz Bizi Egunerako egitarau oparoa prestatu dute. Goizean goizetik dianak ariko dira jotzen jendea esnatu nahian. Horren ostean, 10:30ean, jaiegunari hasiera ofiziala emango zaio txupinazoaren bitartez. Bazkaldu artean, buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, abesbatzak, burrunba, dantzariak eta txistulariak arituko dira kaleko giroa alaitzen. Horrez gain, goizean, erraldoien topaketa izango da, eta Euskal Herriko txoko askotatik joandako erraldoiak ikusteko parada izango da. 14:00 aldera, 500 lagun ingururentzako herri bazkaria eskainiko dute. Ondoren, Tximeleta taldeak kontzertua emango du.
Jai giroan, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Estebanek adierazi duenez, Ez zaitez espaloitik jaitsi, Euskaraz bizi! lelopean aldarrikapen kalejira egingo dute. Tamalez, euskaldunek euskaraz bizitzeko dozenaka oztopo dituztela ohartarazi du. Hala ere, autokritika apur bat egin beharra dagoela jakinarazi du.
Izan ere, Estebanen irudiko, hizkuntza ohiturak oso garrantzitsuak dira, eta batzuk aldatu beharra daudela ohartarazi du. “Sarritan, lehenengo hitza gaztelaniaz egiten dugu, eta jarrera hori aldatu behar dugu”, dio Estebanek. Joera horiek oso barneratuta daudela argitu du.
Handitzen doan sarea
Egun, Nafarroan EHEko hamaika talde daude martxan. Beste hamar herritan harremanak dituztela ohartarazi du Estebanek. Azken urte eta erdian, hiru talde sortu dira, Lizarrakoa, Lakuntzakoa eta Agoizkoa. Garazi Iribarren Agoizko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidea da. Oraingoz, hark eta beste hiru lagunek osatzen dute taldea. “Denbora gutxi daramagu lanean, baina dagoeneko hainbat ekitaldi antolatu ditugu”, azaldu du Iribarrenek.
Pozik dago biharko jaiegunarekin. Dioenez, aspaldian ez zen Agoitzen euskararekin lotutako jairik egiten. “Nabari da herrian giroa dagoela; kultur eta musika talde asko izango dira biharko jaian”, jakinarazi du Iribarrenek. Euskararen normalizazioan oraindik egiteko asko dagoela jakitun den arren, aurrerapausoak eman direlakoan dago. Halere, argi utzi du biharkoa jaiegunaz gain euskaldunen eskubideak aldarrikatzeko eguna izango dela.