Gazta zatitxoak

Ez bilatu lerrootan egungo egoeraren azterketa burutsu eta sakonik. Nik ez dakit Barcinaren erregimenarenak egin duen ala ez. Eta, gainera, ez dakit arrazoitzen zergatik ez dakidan hori. Ni ez bainaiz horretarako gai. Baieztapen hori ez da umiltasun faltsua. Benetan. Nire ezintasun baten aitorpen gordina baizik.

Konparazio batera, gazte denboran hamalau urte eman nituen futbol talde batean jokatzen —egurra banatzen, egiaren aitortzeko— eta azken hamar urteetan Osasunaren etxeko partiden kontakizunetan parte hartu dut Euskalerria irratian. Denetara, 24 urte futbolaren inguruan. Eta, hala ere, oraindik ez naiz gai argudio sendoekin esplikatzeko zergatik gorritxoek galdu zuten iragan igandean Espanyolen aurkako partida eta zergatik galduko duten bihar Malagaren aurka.

Ezetz, ezetz, ezin dudala Juan Kruz Lakastarena egin; ezin dudala txiste erraz zein barrokoez ehunduriko foru testu azkarrak —arinak, adimentsuak eta indartsuak— izkiriatu. Eta ez eskatu Joxerra Senarrena egitea; niri zientzia fikzioa iruditzen baitzait ekonomiari zein politikari buruzko gauza bat azaltzeko hiru lerrotatik bi testuinguru eta inguruabar aski ongi hornituez osatzea. Eta, faborez, ez etorri niregana Angel Erro bat aurkituko duzulakoan; hura ez bezala, ni aise zorabiatzen bainaiz urrutiko ideien mundutik benetako gertuko mundura etengabe bidaiatzen dudalarik.

Pentsa. Twitterren aurten ireki dut kontua. Eta apenas erabiltzen dudan. Ez bainaiz ausartzen.

Aurreko astea kanpoan eman nuen. Eta itzuli nintzelarik, Sanz, Miranda eta Maia inputaturik aurkitu nituen; eta Barcina paretaren kontra, dirudienez. Manifestazio jendetsua egin zen Iruñean lehendakariak alde egin dezala eskatzeko, eta parlamentuan zentsura mozio bat bozkatzear zeuden. Eta horren guztiaren aitzinean, datozen azken lerroetan laburbiltzen den analisia egitera ausartzen naiz gehienez ere. Asko jota.

Barcina ez da bere borondatez joanen, ezpada behartuta. PSNk dio —PSOEk agindu dio— ez duela gobernabidea kolokan jarriko (alegia, ez duela zentsura moziorik babestuko). Ez batak eta ez bertzeak ez dute hauteskunderik nahi. Gainbeheraren beldur baitira.

Garaiok hain dira aldakorrak, gertaerak hain larriak, krisia hain sakona, ezusteak hain etengabeak, ezen batzuk hasi baitira pentsatzen baietz, ahal dela, posible dela PSNrik gabeko alternatiba.

Eta ni ezezkoan nago —eta neure burua madarikatzen dut halaxe pentsatzeagatik—. Gaur, bederen, ezezkoan nago. Iruditzen baitzait Corellako pentsalari handiaren gazta zatitxoen teoria indarrean dagoela oraindik. Gazta osoaren laurdena osatzetik herena osatzera pasatuko gara akaso. Ongi. Baina, Lola pitonisarena eginez, igartzen ahal dut hurrengo hauteskundeetan ere ezin izanen garela gazta zati horretatik atera. Deitu patua; deitu putada.

Hauxe da gaur egin dezakedan analisia. Zer espero zenuen, bada?