Igandean hasiko da BatBiralau kultur zirkuitua, Elizondon

Martxan da jada Euskaltzaleen Topaguneak BatBiralau lelopean abian jarri duen euskal kulturaren Nafarroako zirkuituaren bosgarren edizioa. Igandean hasi, eta maiatzaren 24an amaituko da. Formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun programatu dituzte Elizondo, Bera, Agoitz eta Etxarri Aranatzen. Hala, igandean, Anari musikari gipuzkoarrak kontzertua emango du 19:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Heldu den apirilaren 20an, berriz, Ruper Ordorikaren emanaldia izango da 22:00etan, Berako kultur etxean. Bi ekitaldi horiez gain, antzerkirako tartea ere bada. Maiatzaren 4an Pottola lana antzeztuko dute Agoitzen, eta maiatzaren 24an, Lingua nabajorum Etxarri Aranatzen.