Iruñeko Udalak ez du martxan jarri hutsik dauden etxeen erregistroa

UPNk oraindik ez du martxan jarri Iruñean benetan hutsik dauden etxeak zenbatzeko erregistroa. Joan den urteko urriaren 31ko udal bilkuran alderdi guztiek aho batez onartu zuten Iruñeko Udalak sei hilabeteren buruan etxe hutsen erregistroa osatuko zuela. Dena den, oraindik ez du egin, eta ekainera arte du epea. Guztira, Iruñean 88.896 etxebizitza daude erroldaturik. Horietatik, Iruñeko Udalaren datuen arabera, 14.975 etxetan ez dago inor erroldatuta.

Gehienak, erabilerarik gabeko etxebizitzak dira, etxe hutsak. Esaterako, Alde Zaharrean 1.538 etxebizitza hutsik daude; Zabalgunean, 1.729, eta Ermitagaña eta Mendebaldean, 1.599. Horretaz gain, Buztintxurin lau etxebizitzetatik bat hutsik dago. Datu horien aurrez aurre, eraikiko diren etxebizitzen datuak ageri dira. Abiadura Handiko Trenaren planak 9.000 etxebizitza aurreikusten ditu, Etxabakoitzen eta Sanduzelain. Lezkairun, Erripagañan eta Arrosadian, etxebizitzak ari dira eraikitzen. Iruñean, batetik, etxe kaleratzeak gertatzen dira, eta bestetik, inork erabiltzen ez dituen etxebizitzak daude.

Dena den, aipatu 14.975 etxebizitza ez daude “guztiz” hutsik. Batzuk alokatuta daude, beste batzuk jabeen bigarren etxebizitzak dira, badira saldu gabekoak ere, eta, azkenik, negozioak daude. Horregatik, etxebizitza horien egoera eta errealitatea jakiteko, NaBaik joan den urrian eskaera egin zuen, eta hiriko etxebizitzen erregistroa egiteko eskatu zion Iruñeko Udalari. Ez da lehenengo aldia oposizioko taldeek udalari hori eskatzen diotena. 2011n, PSNk etxe hutsen errolda egitea eskatu zuen, eta, udalak onartu arren, ez zuen aurrera eraman eskaera.

Udalak etxeen erregistroa egin ez duenez gero, ezin die zergarik kobratu etxe hutsen jabeei—udal zergak, adibidez—. Toki Ogasuneko 2/1995ko foru legeak biltzen ditu xehetasun horiek, eta Iruñeko Udalak ekainera arteko epea izanen du, hutsik dauden etxeen erregistroa egiteko. Urtebetez lau hilabete edo gutxiago erabilitako etxeak etxe hutsak konsideratzen dira. Horretaz gain, inolako kontraturik ez duten etxeak ere hutsik dauden etxeak dira. Aste honetan bertan, Iruñeko Udaleko Ogasun alorreko arduradunek esan dute lanean ari direla erregistroa sortzeko, baina ez dute azaldu noizko izanen duten egina.

Ana Elizalde UPNko zinegotziak, esaterako, joan den urriko bilkuran esan zuen merkatua “berpiztea” dela hutsik dauden etxebizitzen ordenantzaren helburua, eta dagoeneko merkatu hori existitzen dela. Hortaz, ez du uste beharrezkoa denik erregistroa egitea. Gainera, NaBairi leporatu zion jabetza pribatuko etxebizitza bat alokatu nahi dutenei zerga gehiago ordaindu nahi izatea. Javier Leoz NaBaiko zinegotziak, berriz, erantzun zion zergak bakarrik ordainduko dituzteela inolako erabilerarik ez duten etxebizitzen jabeek. “Gaur egun, etxebizitza bat eskuratzea ez da batere erraza, eta Iruñean hutsik dauden pisuak alokatzen badira, prezioak merkatuko dira”, azaldu zuen Leozek. NaBairen ustez, kontua ez da zerga gehiago kobratzea, baizik eta etxebizitza guztiak “okupaturik” egotea. Hortaz, benetan erabiltzen diren etxeak zeintzuk diren jakiteko, jabeei jakinarazi behar zaie, eta erakutsi beharko dituzte agiriak etxebizitzaren erabilera frogatzeko.

Auzoz auzo

Esan bezala, 88.896 etxe daude erroldaturik Iruñean, eta horietatik 73.921etan norbait erroldaturik dago. Gainerako etxebizitzak, ia 15.000, hutsik daude. Azpilagañan, 565 etxe hutsik daude; Buztintxurin, 1.181; Alde Zaharrean, 1.538; Txantrean, 1.106; Zabalgunean, 1.729; Ermitagaña-Mendebaldean, 1.599; Etxabakoitzen, 476; Iturraman, 1.316; Mendillorrin, 688; Arrosadian, 1.251; Arrotxapean, 1.618; Sanduzelain, 599; eta Donibanen, 1.289.