“Itzulerako egunik gabe, askoz hobeto ezagutzen ari gara guztia”

Inoiz egin duten bidaiarik luzeena egiten ari dira. Motxila sorbaldan eta mapa eskuan, herrialdez herrialde ari dira ezagutzen Latinoamerika. Pausoz pauso eta presarik gabe, bideko sentipen guztiak harrapatzeko. Rebeca Itoiz (Agoitz, 1988) eta Iñaki Zalba (Agoitz, 1983) dira. Duela urtebete baino gehiago hasi zuten abentura. Zalbak hasi zuen bidaia bakarrik, 2011ko azaroaren 29an, eta hilabete batzuk geroago Itoizek bat egin zuen berarekin. “Zergatik Latinoamerika? Hizkuntzak erraztasunak ematen dizkigu, eta hemengo kulturak, historiak eta musikak erakartzen gaitu”.

Brasil izan zen lehenengo geldialdia, eta ordutik beste zazpi herrialde bisitatu dituzte: Uruguai, Argentina, Txile, Paraguai, Bolivia, Peru eta Ekuador. Orain, Bogotan (Kolonbia) daude. “Oraingoz, Venezuela da gure helmuga, baina bidaiaren bukaera baino beste baten hasiera izan daiteke: Guyana, Surinam eta Guyana frantsesa ezagutu, Erdialdeko Amerikara joan, Karibeko uharteak bisitatu… Eta noizbait etxera itzuli beharko dugu”, diote zalantzati. Lasai daude, eta gero eta urrunago ikusten dute itzultzeko eguna.

“Itzulerako egunik gabe, askoz hobeto ezagutzen ari gara guztia”. Egunerokoak zehazten du zer, nola eta noiz: libre dira horrela. “Bizpahiru egunez egon nahi genuen leku batean bi aste igaro ditugu, eta ezagutu nahi genituen leku batzuk bisitatu gabe ere joan gara”. Hilabete oso bat igaro zuten Achocallan (Bolivia), adibidez. “Lagun batzuen etxean egon ginen, aterpeak eraikitzen ari dira hango emakumeekin batera. Oso berezia izan zen hilabete osoa”.

Hara eta hona, bidaia “modu onean” ari dira egiten. Lo egitearen truke sosik ordaindu gabe munduari bira ematea posible da, eta horrela ari dira ezagutzen Latinoamerika. Couch Surfing erabiltzen dute askotan, eta, doan, bertakoen etxeetan lotarako sofa bat (edo ohe bat) lortzen dute. Abantailak ikusten dizkiote, gainera, horrela bidaiatzeari: herrialde bateko errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera dute. “Lagun asko egin ditugu, eta hobeto ezagutu ditugu herriak eta hiriak: haiek eramaten gaituzte lekuak ezagutzera, adibidez. Ez da, soilik, etxe batean lo egitea, harreman politak sortzen dira”.

Finantziazioa ere lortu dute bidaia aurrera ateratzeko: eskulanak saltzen dituzte. Brasilen zeudenean Itoizek hazi bitxi eta polit batzuk aurkitu zituen hondartza batean eta “zerbait” egitea pentsatu zuten. Materialak erosi, eta trebatzen hasi ziren. “Poliki poliki lepokoak, eskumuturrekoak eta belarritakoak egiten hasi ginen; orain kalean saltzen ditugu. Oso ongi ateratzen ari zaigu”, azaldu dute. Kalean oihala zabaldu, eta erosleak etortzea besterik ez dute behar. Orain, gainera, musika jo nahi dute, eta abestiak prestatzen ari dira.

Zaila egiten zaie Zalba eta Itoizi ezagutu dituzten herrialde guztien artean bakarra aukeratzea. “Ahaztezinak” izan dira guztiak haientzat, eta bakoitzean “zerbait berezia” bizi izan dute. Hala ere, bat aukeratzekotan, Ekuador aukeratuko lukete. “Paisaia mota guztiak ditu: hondartzak, mendiak, oihanak, sumendiak… Gainera, jendeak izugarri ondo hartu gintuen”. Herrialdea txikia denez, txoko guztiak ezagutzeko aukera izan zuten diru gutxirekin. Horretaz gain, Txile eta Argentina asko gustatu zitzaizkien. Bai naturaren aldetik eta bai jendearengatik ere. “Oso herrialde bereziak izan dira, han ditugun lagunengatik; erraztasun guztiak eman zizkiguten”.

Bikotearen iritziko, Boliviako hiriburua, La Paz, derrigorrean bisitatu beharreko hiria da. Bolivian ere, La Higuera herrixka ezagutu zuten. 1967. urteko urriaren 9an, Ernesto Guevara, Che gerrillari iraultzailea hil zuten han, Bolivia hegoaldeko oihanean armadak harrapatu ondoren. “Haren bizitzako azkeneko uneak oroitzeko aukera izan genuen, hango museoen bidez eta hango jendearekin hitz egiten; esperientzia ederra izan zen”. Bereziki oroitzen dute herriko garbitegira joan zirenekoa. Hara eraman zuten Che, hil zenean, eta, harrezkero, hara doan jendeak idatzita uzten ditu esaldiak, haren oroimenez.

Hamaika dira ezagutu dituzten txokoak, eta oraindik ere denbora izanen dute beste hainbat aurkitzeko. Hala ere, sustraiak izaten dituzte gogoan maiz, familiak eta lagunak, bereziki. Dena den, Argentinako lagun batzuekin bidaiatzen ari dira, eta aitortu dute haien “egungo familia” direla. “Luxuak” ere izaten dituzte mintzagai: ur beroa, ohe bat, garbigailua, bainugela… Euskal Herrian zituzten eta han ez dituzten gauzak dira. Baina duela gutxi izan zuten luxu horiek eta beste batzuk erabiltzeko aukera. Itoizen ahizpa joan zen bisitan Ekuadorren zeudenean, eta azken unean itzulerako hegazkina aldatu zioten. Beraz, konpainiak Quitoko hotelik ospetsuenean gaua pasatzea eskaini zion. Baietz esan, eta hirurak joan ziren hotelera: “Xeke arabiarrez betea zegoen, eta inoiz ikusi ez dugun luxua ikusi genuen; aukera probestu genuen, nola ez”.