Argazki xume eta sinpleak. Egilea, eguna eta irudiaren azalpen txikia. Aldude koordinakundearekin elkarlanean aritu diren artista batzuek 41 iruditan bildu dituzte Aldude eremuaren barruan dauden Antzeri eta Mendiaundi mendiak zer diren. Udazkenean eta neguan ateratako argazkiak dira. Pagadiak, errekastoak, herri elurtuak, hegaztiak, Erroibarko herritarrak… Denetik bildu dute argazkien bitartez. Bizitzaren balioa izenburuko erakusketan daude argazki horiek guztiak ikusgai, Uharteko kultur etxean. Zilbetin eta Aurizberrin ezartzeko asmoa duten harrobiak abian jarriz gero, arrisku larrian egongo lirateke erakusketan ikus daitezkeen parajeak.
Ia bost urte dira Aldude koordinakundea izen bereko KBE Kontserbazio Bereziko Eremua babesteko lanean hasi zela. Magnesitas Navarra SA, Magna enpresak magnesita ateratzeko harrobia egiteko proiektua aurkeztu zuen. Atzean geratu zen Baztango Erdiz eremuan harrobi bat abian jartzeko proiektua; baztandarren kontrakotasunaren eraginez, bertan behera utzi behar izan baitzuten asmo hura. Zilbetiko asmoen eraginez sortu zen Aldude koordinakundeko kide den Zilbeti Bizirik taldea.
Erroibarko udalak eta Zilbetiko eta Erroko kontzejuek proiektu horren aldeko jarrera dute. 2008az geroztik, behin baino gehiagotan nabarmendu dituzte Magnak abian jarri nahi duen egitasmoaren alde onak. Dena den, jakitun dira proiektuak ingurumenari dagokionez “zalantzak” sortzen dituela, hala onartu baitzuten hilaren 6an hedabideetan argitaratutako eskutitz batean. Ingurumenaren alorrean onurak izango diren edo ez zalantzak dituzten arren, argi dute ekonomikoki irabaziak izango dituztela. Zilbetiko Kontzejuak eta Erroibarko Udalak hitzarmena sinatu dute Magnesitas Navarra enpresarekin. Hitzarmenean jasotzen denez, harrobia ustiatzen hasten direnean, urteko diru kopuru bat jasoko dute bi erakundeek.
Baina, negozioaren atzean, Zilbeti egun denaren funtsa dagoela jokoan uste du Zilbeti Bizirik taldeko kide Juan Luis Martinezek. Harrobi irekia egin nahi duten Antzeri mendian, berez, 30 hektareako eremuri eragingo lioke harrobiak, inguruko perimetroa aintzat hartu gabe. Hamar urtean ustiatuko luke enpresak, baina 40 urte arte iraun lezake akordioak.
Martinezek argi dio: “Magna enpresa handiaren aldean, Zilbetiko herritarrak txikikeria gara”. Ziur dago Zilbetiko harrobia ez dela “beharrezkoa”. Magnesita Navarra SA enpresak dioenez, Zubirin duen lantegiak aurrera jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da Zilbetiko harrobia martxan jartzea. Izan ere, Azkarateko ustiategia agortzear dagoela diote enpresako buruek. Hala ere, Martinez ez dator bat baieztapen horrekin. Haren irudiko, Azkarateko harrobian berreskuratu gabeko materiala dago.
2011ko Eguberrietan, Magna hitzetatik ekintzetara pasatu zen. Opor garaia zela profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen, Zilbeti Bizirik taldekoen iritziz “baimenik gabe”. Ondorioz, zuhaitz mozketa gelditzea lortu zuten. Egun, Zilbetiko harrobiaren afera auzibidean dago, eta Aldude koordinakundeko kideek jakinarazi dutenez, epaia iristear egon liteke. Dena den, justizian ez dutela esperantza handirik onartu dute. Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi emango ez balie, Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino iristeko prest daudela jakinarazi dute. Hala ere, jakin badakite, justiziaren erabakia berandu irits litekeela, Magnak behin baino gehiagotan adierazi baitu 2013an hasi nahi duela harrobia egiten.
Mendi berean, bigarrena
Aldude Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dago Mendiaundi ere. Horregatik dira Mendiaundi Bizirik taldekoak Aldude koordinakundeko kide. Kasu horretan, Silices Navarra enpresak egin nahi du harrobia. Xabier Errea Mendiaundi Bizirik taldeko kidea da. Hark dioenez, proiektuak ez du adostasun zabalik Aurizberrizko herritarren artean. Are gehiago, herrian zatiketa handia dagoela nabarmendu du.
Zilbetin bezala, Aurizberrin ere harrobi irekia egin nahi dute. “Silizea ateratzeko beste toki batzuk badaude, Mendiaundik duen babesik ez dutenak, gainera”, dio Erreak. Horrez gain, ohartarazi du praktika mafiosoengatik zigortu egin duela justiziak Mendiaundin silizea ateratzeko proiektua aurkeztu duen enpresa.
Aurizberriren etorkizuna kanpoko jendearen esku geratuko delakoan dago Errea. “Proiektuak ez du garapen iraunkorra, ez ekonomikoki, ez sozialki, eta ez ingurumenari dagokionez ere”. Izan ere, Mendiaundi Bizirik taldeak, beste garapen eredu batean sinesten duela azaldu du, “iraunkorragoa den eredu batean”.
Zilbetiko zein Aurizberriko proiektuek zatiketa handia eragin dute bi herrietako biztanleriaren artean; hala onartu du Roncesvalles Martinezek, Mendiaundi Bizirik taldeko kideak. Horregatik, hain zuzen, ezinbestekoa iruditzen zaio Uharten apirilaren 29ra bitarte egongo den Bizitzaren balioa erakusketa martxan jartzea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, arazoak izan dituzte erakusketa ikusgai jartzeko tokia bilatzerako orduan, zenbait herritan zalantzan jarri dutelako erakusketa egokia zen ala ez.
Aldude koordinakundearen ustez, mendia defendatzeko, aukera ona da natura eta artea lotzea. Erakusketa ikustera joaten direnei inolako iragazkirik gabe azaldu nahi diete zer galduko litzatekeen Magnesitas Navarra SA eta Silices Navarra enpresek euren proposamenak burutan ateraz gero. Izan ere, koordinakundekoek irmo defendatzen dute harrobiek suntsitzen dutena ezin dela inolaz ere berreskuratu, “natura ehunka urteko kontserbazioaren fruitu delako”.