Euskarari buruzko gogoeta prozesua abiatuko dute bihar Bortzirietan

Bortzirietan euskararen egoera zein den aztertzeko eta etorkizunerako lan ildoak zehazteko lan saioak eginen dituzte Beran. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu ditu jardunaldiak, eta xedea herrietako hizkuntza komunitatea “egituratzea eta sendotzea” da. Prozesu parte hartzaileak izanen dira.

“Gaur egungo euskararen diagnosia egin nahi dugu”, azaldu du Patri Arburua Bortzirietako Euskara Mankomunitateko euskara teknikariak. Horretarako, urte hauetan egindako lana baloratu, eta etorkizunean eman beharreko pausoak landuko dituzte. Gogoeta “parte hartzailea” izanen dela azpimarratu du Arburuak, eta Lesaka, Bera, Arantza, Igantzi eta Etxalarko herritar guztiei deia egin die parte hartzeko.

“Guztien bizipen, proposamen eta hausnarketak lagungarriak izanen dira; euskarak eskualdean duen lekua handitu eta gure hizkuntzarekiko sentsibilizazio eta inplikazioa erakutsi nahi duen ororentzako zabalik daude lan saioak”. 80 lagun inguruk izena eman dute dagoeneko, eta, beraz, deiak arrakasta izan duela uste du Arburuak. Dena den, lan saioak irekiak dira, eta ez da derrigorrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Biharko saioan, euskara nola bizi duten landuko dute parte hartzaileek, eta, horretaz gain, Bortzirietan euskararen egoera zein den aditzera emanen dute. “Euskara osasuntsu edo eri dagoen eta nola bizi duten norbanakoek, hori landuko dugu”, jakinarazi du Arburuak. Maiatzaren 4ko saioan, berriz, erronkak landuko dituzte. Hau da, eragileek, elkarteek eta norbanakoek euskararen normalizazioan pausoak emateko zer egin dezaketen. Hiru orduko saioak izanen dira biak.

Lan dinamikak eginen dituzte euskararen egoera aztertzeko. Taldeka eta jokoen bitartez landuko dituzte gaiak, eta, horretarako, Elhuyar aholkularitza enpresaren laguntza izan dute. Bi lan saioak egin ondoren, hurrengo urteetako euskararen plan estrategikoari ekinen diote mankomunitateko kideek: “Gure kezka hurrengo urteetako plan estrategikoa martxan jartzea da, eta horregatik antolatu ditugu lan saioak; herritarren iritziak kontuan hartu nahi ditugu euskararen inguruan zer esana badutelako”. Hortik aurrera, datozen urteetarako planaren proposamena eginen du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak.