Francisco Etxeberriari Vianako Printzea saria ematea babestu du PSNk

Frankismo garaian Nafarroan fusilatutako errepublikanoen gorpuak lurpetik ateratzen eta identifikatzen egindako lanagatik, Francisco Etxeberria auzitegi medikuaren hautagaitzaren alde egingo du PSNk, aurtengo Vianako Printzea saria jasotzeko; gaineratu dute Aranzadiko Antropologia Fisikoaren alorreko haren lantaldeari ere aitortu behar zaiola meritua.

Nafarroako Fusilatu, Erail eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteak proposatu zuen Aranzadiko auzitegi medikuaren hautagaitza. Orain, PSNk hautagaitza hori defenditzea erabaki du, memoria historikoa berreskuratzen lagundu dutelako Etxeberriak eta haren lantaldeak: “Askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik hildako eta zigortutako biktimekin justizia eginez”. 2002tik, 216 gorpu berreskuratu ditu Aranzadik Nafarroan, 46 hobitan.

Asteartean erregistratu zuten Etxeberriaren hautagaitza Fusilatu, Erail eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteko kideek. Elkarteak jakinarazi duenez, 3.500 sinadura bildu dituzte Etxeberriaren hautagaitzaren alde eta CCOOren babesa jaso dute. “Etxeberriak eta haren lantaldeak Nafarroako memoria berreskuratzea lortu dute egindako indusketekin; haien emaitzarik gabe gure memoria osatu gabe legoke”, jakinarazi dute.

Aranzadi zientzia elkarteak martxoan egin zituen azkeneko indusketak Nafarroan. Urbasako leize batean hiru pertsonaren gorpuzkien bila hasi ziren lanean, baina hamar lagunen hilotzak topatu zituzten. 1936ko gerran erail zituzten denak. Gainera, gorpuak aurkitzeaz gain, orduko granada bat ere aurkitu zuten, oso herdoilduta.