“Sentsibilizazio kanpaina etengabea da ‘Ze Berri?’, eta garai berrietara egokitu da”

Aldizkariaren itxura berrituta kaleratuko da Ze Berri?-ren ehungarren zenbakia. Nafarroako 37 toki entitatek argitaratzen dute, eta ibilbide luzea egin du aldizkariak: 17 urte. Erdaldunei euskara hurbiltzea du helburu, modu erakargarri eta baikorrean. Ana Mindegia (Errenteria, 1967) Uharteko Udaleko euskara teknikaria da, eta aldizkariaren erredakzioan parte hartzen du. Gaur 19:00etan Uharteko Arte Garaikideko Zentroan aurkeztuko dute Ze Berri?-ren zenbaki berria.

Zer-nolako ekitaldia antolatu duzue gaurko?

Aldizkariaren ehungarren zenbakia dela eta, ekitaldi xumea prestatu dugu. Hutsun txalaparta taldeak emanaldia eginen du, eta mokadu bat hartzeko aukera ere egonen da. Aldizkariaren nondik norakoak urte hauetan guztietan azalduko ditugu, eta erakusgai izanen ditugu Ze Berri?-ren ehun azalak. Gainera, azken zenbaki honek berrikuntza dakar: itxura berritu dugu. Egin genuen 50. zenbakiarekin eta orain berriro aldatu dugu diseinua.

Zenbaki berezia izanen da, orduan, ehungarrena?

Bai, gainera, zenbaki honetan Ze Berri?-ren historia landu nahi izan dugu. Nola sortu zen, zergatik, nola egiten dugun lan… Hori guztia azaltzen dugu, baina beti bezala, atal finkoak ditu azken zenbakiak.

1996. urtean jaio zen Ze Berri?. Zer hutsune ikusten zenuten Nafarroan aldizkaria sortzeko?

Euskara ez dakitenei euskara hurbiltzeko aldizkaria da Ze Berri? Garai horretan, euskararen inguruan berri asko zeuden, baina konturatu ginen nahiko lausotuta geratzen zirela hedabideetan. Beraz, beharra zegoen. Euskararen inguruko albiste horiek guztiak herritar guztiengana —eta ez soilik euskaldunengana— iristeko beharra genuen. Euskaldun eta erdaldunen artean zubiak eraikitzeko xedearekin ere sortu zen aldizkaria. Azken finean, euskararen aldeko iritziak zabaldu nahi ditugu. Sentsibilizazio kanpaina da gurea, etengabea eta egoera berrietara egokitzen dena. Urte hauetan guztietan aldizkaria aldatu egin da. Adibidez, aldizkariko lehenengo zenbakian berriak herrika banatuta zeuden.

Erdaldunen artean sustatu nahi duzue euskara. Nola egiten duzue?

Aldizkariaren testu gehienak gazteleraz dira, erdaldunek uler dezaten. Modu baikorrean eta eraginkorrean idazten dugu, euskaraz zer egiten den azalduz eta ezagutaraziz. Baliteke aldizkariaren irakurle gehienak euskaldunak edo euskaltzaleak izatea, baina gure asmoa irakurleak erdaldunak izatea da, izan ere, haientzat ari gara.

Gainera, gero eta herri gehiagok parte hartzen dute Zer Berri?-n.

Bai. Egun, 37 toki entitatek osatzen dute aldizkaria. Aurten sartu dira udal berriak, baina beste batzuk irten dira diru arazoengatik. Aurten, adibidez, Zangozako, Anueko eta Orotz-Beteluko udalak sartu dira egitasmoan. Poliki- poliki zabaltzen ari da proiektua.

Nola antolatzen zarete lan egiteko?

Erredakzio mahaia dugu, eta Heda komunikazio enpresari esleitzen diogu lana. Guztion artean koordinatzen gara, gaiak proposatzen ditugu, eta bilerak egiten ditugu. Gaiak nola landu eta nola aztertu oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, aldizkariko egileak Nafarroako toki entitateak dira, kolore askotakoak guztiak, eta zer esaten dugun eta nola esaten dugun zaindu behar dugu. Objektibotasuna gorde, alegia.

Hedabideentzako diru laguntzak murriztu egin dira azken urteetan. Nolako eragina izan du horrek zuen kasuan?

Garai batean zertxobait gehiago jasotzen genuen, baina, egia esan, ez du hainbesterako eraginik izan gurean. Nire ustez, Euskarabideari gustatzen zaion proiektua da Zer Berri?, eta horren aldeko apustua egiten du. 2012ra arte diru laguntza jaso dugu. Aurten oraindik ez dakigu, baina Euskarabideak ahaleginak egin ditu hitzarmena lortzeko.