Ez dirudizu ijitoa”, esan dio tabernariak Ricardo Hernandezi. Nafarroako Ijitoen Gaz Kalo Elkarteen Federazioko koordinatzailea da Hernandez. Ijitoa. Antza, ez du bat egiten gizartean gailentzen den ijitoaren irudiarekin, estereotipoak hausten ditu. Baina ijitoa da: “Badirudi ijitoaren irudiarekin bat egiten ez badut ez nautela ijitotzat hartzen; baina ijitoa naiz, eta nafarra”. Estereotipoez eta aurreiritziez harago jotzeko beharra nabarmendu du Hernandezek, horrelako egoerak saihesteko. Baina zer da ijitoa izatea? Argi du berak: “Guztiaren gainetik, sentimendua da ijitoa izatea, talde baten parte sentitzea, eta balio jakin batzuk izatea”.
Apirila hilabete berezia da ijitoentzat. Hilaren 8an, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten; apirilaren 14an, Sabicas Nafarroako gitarra jotzaile ijitoaren heriotzaren urteurrena izan zen, eta bihar, Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna ospatuko dute. Ijito herriaren kultura ezagutzera emateko ekitaldi ugari egin dituzte Nafarroan. “Herritarrek gure kultura ezagutzea eta harremanak sortzea da hilabete honen helburua”, dio Hernandezek.
Nafarroako ijitoei buruzko lehenengo agiriak dionez, 1435. urteko apirilaren 27an Nafarroako Blanca erreginak harrera egin zien ijitoei Erriberrin. Ijitoei buruzko Nafarroako lehen aipamena da, eta efemeridea gogoratuko dute bihar. Jakina da mendeak daramatzatela ijitoek Nafarroan, baina, hala ere, haien inguruan uste txarrak baino ez dira zabaldu urteetan. Horren atzean, ordea, kultura bat, komunitate bat eta errealitate oso bat ezkutatzen dira. Nafarroan, 7.000 ijito inguru bizi dira. “Oso herri heterogeneoa gara, aniztasun handikoa, eta hori jendeak ez daki”, adierazi du Hernandezek. Aurreiritziak eta estereotipoak eguneroko kontua dira haientzat.
Diskriminazioz beteriko historia bizi izan dute ijitoek. Espainiako frankismoa bukatu arte haien aurkako legeak indarrean zeuden, eta ez dute inolako eskubiderik izan orain dela gutxi arte. Hala ere, jazarpenak oraindik badirela jakinarazi du Hernandezek: “Egun, legeak babesten gaitu, baina errealitatean ez dira gauzak hainbeste aldatu; gure aurkako jarrerak aurrera dirau”.
Gizartean dagoen irudia da: gaizkileak eta lapurrak dira, ez dute lanik egiten, eta ez dira gizarteratzen. Hernandezek ez ditu ukatzen ezaugarri horiek guztiak, ijito batzuen errealitatea direlako, baina ez guztiena. “Bakarrik gure alde txarra eta negatiboa azaleratzen da; baina, horrez gain, ijito onak eta eskuzabalak daude, gizarte guztietan bezala”. Emakumeak baztertuta eta zanpatuta dauzkatela esan izan da maiz, eta kultura erabat matxista dela. Onartzen du: “Bai, gure kultura matxista da, ez dago zalantzarik. Baina gizartea bezala, ez gehiago, ez gutxiago”. Haren iritziko, gainera, ijitoen artean emakumearen irudia garrantzi handikoa da. Kulturaren balioak transmititzen ditu, eta familia osoa babesten du. Betidanik kalera irten dena emakumea izan dela dio Hernandezek, “ekintzailea” delako.
“Ezjakintasuna”. Ijitoen inguruan hori dagoela uste du Ines Garcia Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioko arduradunak, eta, aurre egiteko, tresnarik eraginkorrena ezagutza dela uste du. Izan ere, aurreiritziek eta estereotipoek ezjakintasunean eta urteetako bazterketan dute sorrera. Ezezaguna ezagun bilakatzeko, ijitoen historiaren, kulturaren eta hizkuntzaren berri zabaltzeko antolatu dituzte hil honetan ekitaldiak. Elkarbizitza da gakoa: “Ijitoek beldurra dute, orain arte jaso duten tratua oso txarra izan delako, eta bere baitan itxi dira”. Eremu berean bizi diren kulturek bizikidetza eta errespetua behar dute bizirik irauteko.
Nola aldatu, beraz, errealitatea? Gakoa elkarbizitzan dagoela uste dute Garciak eta Hernandezek. Ijitoek eta ijito ez direnek pausoak eman behar dituzte elkarrekin. “Ez da baten kontua, ezta bestearena ere; bien arteko lankidetza baizik”, uste du Garciak. Oraindik ere ijitoen eta ijito ez direnen arteko harremanak ez daude normalizatuta. Berriki, Nafarroako gazteriaren inguruko txosten batek datu kezkagarriak azaleratu ditu: Nafarroako gazteek ez dute auzokide ijitorik izan nahi.
Hernandezek, adibidez, hutsune handia ikusten du hezkuntzan. “Eskoletako liburuetan ez gaituzte aipatzen; ikusezinak gara, eta mendeak daramatzagu hemen”. Horrez gain, beste errealitate bat ezagutzera eman du Hernandezek: ijitoak direnak baina ez dutenak esan nahi. “Ez dute nahi ijitotzat hartzea, izan ditzaketen ondorioengatik. Lagunak ditut, poliziak eta irakasleak, adibidez, baina bere identitatea gordetzen dute, eta errespetagarria da oso. Gogorra izan behar du, hala ere, zer zaren ezkutatzeak”.
Urtero, Nafarroan egondako diskriminazio kasuak biltzen ditu Ijitoen Fundazioak. Batzuen berri eman du Garciak: “Saltoki gune batera sartu eta zinpeko begiralea ijitoaren atzetik joatea, adibidez, poltsak erakutsi arte. Onartezina da hori. Edo ijito batek lana lortzea eta jabeak ijitoa dela jakitean kalera botatzea”. Diskriminazio kasu horiek guztiak biltzen dituzte, eta gizartea sentsibilizatzeko erabiltzen dituzte. “Ezjakintasunak elikatzen ditu aurreiritziak, baina desberdin izateak aberats egiten gaitu, eta elkar ezagutzea da gure xedea”. Ez da kontu erraza ijito eta ijito ez direnen arteko bizikidetza. Urteak beharko dituzte normalizaziora iristeko, baina lan eta lan arituko dira elkarteak.