“Diru laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea”

Joan den abuztuan eskatu zuen bigarren haurra zaintzeko hartzekotan zen amatasun baimenagatiko diru laguntza Laura Criadok (Iruñea, 1975). Dioenez, ekainerako Nafarroako Gobernuak bazekien dirurik ez zuela, baina eskaera egin ahal izan zuen. Iragan otsailean jakin zuen diru laguntzarik ez zuela jasoko. Egoera hori salatzeko, dozenaka ekitaldi egin dituzte, joan den larunbatean azkena.

Nafarroako Gobernuak 400 familia baino gehiago amatasun edota aitatasun baimena hartuta diru laguntzarik gabe utzi dituela salatu zenuten larunbatean. Nolatan hartu du administrazioak erabaki hori?

2012ko maiatzean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen 2,23 milioi euro bideratuko zituela aitatasun edo amatasun baimena hartu nahi zuten familiei laguntzeko. Laguntza jasotzeko, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan erroldatua egotea. Eskaera Nafarroako Berdintasun eta Familia Institutuan egin behar zen. Baina ekainean, murrizketak hasi zituztenean, laguntzak bertan behera utzi zituzten. Ekainean, 800.000 euroko diru murrizketa egin zuten, eta laguntzarik gabe gelditu ginen 405 familia inguru. Hala ere, jakinarazpena garaiz kanpo egin zuten.

Nork zuen laguntza hori jasotzeko eskubidea?

Lehen esan dudan bezala, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan bizitzea. Horrez gain, 2011-2012. urteetan eskaera egin zuten familiek genuen laguntza jasotzeko eskubidea. 800 familia inguruk eskatu dugu, eta erdiek soilik kobratu dute.

Administrazioak aurreikusi zuen arazo hori?

Inolaz ere ez. Eskaera egiterakoan, ezin da jakin onartuko duten ala ez. Nire kasuan, eskaera abuztuan egin nuen. Baina otsail arte ez nuen jaso laguntzarik ez nuela jasoko jakinarazten zidan eskutitza. Hilabete mordoa igaro da ordutik. Bada laguntza eskaera 2011n egin eta 2013an ezezkoa jaso duenik ere. Ekainaren 26ra bitarte iritsi zen dirua, baina hortik aurrera ere eskaerak onartzen jarraitu zuten. Argi utzi behar da eskaera onartu zutela lana atzeratuta zeukatelako. Lana eguneratua balute, 400 familia ez ginateke gauden egoeran egongo.

Egoera hori dela eta, nola sentitzen zara?

Engainatua sentitzen naiz. Izan ere, ekainean esan baligute aurrekonturik ez zegoela beste modu batera moldatuko ginen. Baina Nafarroako Berdintasun eta Familiaren Institutura joan eta ez ziguten esan diru laguntzarik gabe geldituko ginenik.

Zenbateko laguntza jasotzen du familia bakoitzak?

Lehenengo haurrak %33ko ezintasuna baino handiagoa badu edota bigarren haurrak urtebete egin arte soilik kobratzen da. Gutxi gorabehera 400 euro inguru kobratzen dira. 2000. urtean jarri zituzten laguntza horiek abian, eta jakin badakit oso harrera ona izan dutela beti.

Diru laguntzarik gabe gelditu izanak nola eragin dizu?

Abuztuan eskatu nuen laguntza, eta ezezkoa otsailean jaso nuen. Nik garaiz jakin izan banu diru laguntzarik ez nuela jasoko, amatasun baimenik ez nuen eskatuko. Garai honetan, gainera, ez dugu inolako aukerarik haurrak haur eskolara eramateko. Laguntza kontuan hartuta egin nituen kontuak. Administrazioak engainatu egin gaituela iruditzen zait.

Duela gutxi bilera izan duzue parlamentuan.

Bai, horrela da. Egia esanda, alderdi politiko guztiek babesa adierazi ziguten. Gainera, zor digutena ematea nahi dutela esan ziguten. Horrez gain, Iñigo Alli Gizarte Gaietako kontseilariarekin biltzeko aukera ere izan dugu. Ez dagoela dirurik esan zigun. Beraiek nahi ez dutenerako ez dago, bai ordea abiadura handiko trena eraikitzeko. Laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea.