Eztanda bat

Udaberria ofizialki hasi da. Lehertu da, esan ohi denez. Facebookeko lagun batek “maitemindurik nago” idatzi du bere horman. Nik lehenagotik banuen susmoren bat, udaberria hasita zegoelakoa, baina —euriak tarteko— baieztapenik ez. Nik ere eztanda egiteko tentazio bat edo beste. Kalean burua ohi baino gehiagotan bueltatzen dut. Karlos III.a etorbidean karpetatxoekin jendearen ehizan dabiltzan boluntarioei kasu egiteko, eta beharbada ACNURekin, Gurutze Gorriarekin edo dena delakoarekin kolaboratzeko bultzada.

Josetxo Ezponda El Bicho-ren aspaldiko elkarrizketa zati batzuk irakurri ditut; hil berri delako berriz eman dituzte. Halako tristezia bat sartu zait, hain hurbil edukita, Burlatakoa baitzen, erantzunetatik eratortzen den bezala, tipo ezin argiago bat ezagutzeko nekerik hartu ez izanak eragina. Bere izena googletuz ikusi ahal izan dudanez, burlatar honen heriotzaren berri eta deitorea urrutira iritsi da, esaterako, La Vanguardia bezalako egunkari batera ere bai (“El navarro Josetxo Ezponda fue un músico de músicos, un personaje que influenció a varias generaciones de la escena independiente, gracias a su labor al frente de Los Bichos”.). Hil osteko aitortzak ez du ezertarako balio; zenduari bederen ez dio laguntzen. Ez dut argi bizirik jarraitzen dugunok, bidegabekeria horren partaideok, geure burua zigortzeko edo modu sotilean geure burua saritzeko egiten ote ditugun (hau bezalako) omenaldi postumook, heriotzak akaso gu ere sublimatuko gaituelakoan.

Egunotan berreskuratu duten elkarrizketa zahar horretan, El Bichok, kanpotik bere gainbeherari egozten ahal zitzaizkion adierazpen pesimistak egiten zituen, baina gizarte moduan ematen ari ginen eta orain nabarmenago ematen ari garen atzerapausoak argi eta garbi salatuz: “Urte triste eta grisak ziren. Telebista gris kolorekoa zen, zerua ere grisa, jendea grisa… polizia ere grisa zen. Eta azkenaldian guztia halakoa da berriz ere. Baina tristezia ere ederra da, betiere belaxka ez bazara. Negar egitea eta pentsamendu sakon bat adieraztea ez baitira gauza bera”. Edo beste hau: “Denbora pasata, damutu nintzen abesti baten bat sartzeaz, baina perfekzioa fatxa da”. Edo beste hau: “Nik arrakasta izan nahi nuen, bete-betean asmatu. Hemen tipo berexia nintzen lehen, orain zuzenean maritxua, Erdi Arora eramaten gaituzten garaiak bizi ditugu”.

Negura, amairik gabeko negura eramaten gaituzte garaiok, baina ez diegu utzi behar. Takoneran hemezortzi urteko bi mutil jipoitu dituzte elkarri musu emateagatik.

Josetxo Ezpondak Un poco más izeneko kantuan bere epitafioa izan litekeena idatzi zuen: “Beraz, hau da amaiera. Ez nuen holakoa espero. Zerbait hobea nahi dut. Bero handiagoa nahi dut, gogo gehiago, zarata, eztanda bat”.