Hamar ijito ikasletik zortzik ez dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen. Aurrerantzean horrela izan ez dadin, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak Ijito ikasketadunak, ijito etorkizundunak kanpaina martxan jarri du. Egun, fundazioaren hezkuntza programan parte hartzen dute 33 ikaslek, 26 familiak eta Nafarroako 11 eskolak. Horrez gain, hamar ikasle ari dira derrigorrezkoak ez diren ikasketak egiten. Itziar Zudaire hezkuntza koordinatzailea da: “Ikasleei ikasketa prozesuan laguntzen diegu, etxeko lanak egiten… Egia esan, gero eta ijito gehiagok amaitzen dituzte derrigorrezko ikasketak; baina oraindik lan handia dago egiteko”. Gainera, gero eta lehenago eskolatzen direla jakinarazi du.