“Valonia eta Flandria eskualdeen arteko tentsioa izugarria da”

Txokolatearen herrialdea da Belgika, baita garagardoarena eta patata frijituena ere. Brusela hiriburu guztietan hiriburuena dela esan daiteke, Flandria, Belgika eta Europako Batasuneko hiriburua baita. “Bruselako kaleek xarma berezi bat dute; orduak pasa daitezke ibiltzen, txokoak ezagutuz eta, batez ere, giroaz gozatuz”. Andrea Salinas (Iruñea, 1990) duela zazpi hilabete iritsi zen Belgikara, eta martxotik bizi da Bruselan.

Holandan egin zuen Erasmusa urtebetez, eta Iruñera itzuli zen ikasketak amaitzera —Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia—. Bukatzean, lanean aritu zen Nafarroan, baina baldintza txarretan, eta atzerrira joatea erabaki zuen. “Belgika aukeratu nuen, frantsesa ikasi nahi nuelako”, aitortu du. Hasieran, boluntario lanak egiten aritu zen Belgikako herri txiki batean; elbarrituekin lan egiten zuen. Martxotik, Bruselan bizi da, eta Degroof izeneko Belgikako banku batean topatu du lana. Informatika departamentuan aritzen da, eta haren lana da enpresaren beste departamentuek dituzten beharrizanak identifikatzea, “gero informatikariek behar horiek asetzen dituzten aplikazio informatikoak egin ditzaten”. Urtebeterako du lana, baina Euskal Herriko egoera ikusita, denboraldi bat igaroko du Bruselan. Luzera begira, hala ere, Iruñean ikusten du bere burua.

Frantsesez lan egiten du, eta aitortu du ez duela hitzik ere ulertzen nederlanderaz. Bruselatik iparraldera hitz egiten dute nederlanderaz; Bruselatik hegoaldera, berriz, frantsesez. “Bi eskualdeen —Flandria eta Valonia— arteko tentsioa izugarria da. Brusela bi eskualdeen arteko uhartea da, inguru mistoa; bi hizkuntzak nahasten dira, eta, hortaz, hemen tentsioa ez da hainbeste nabaritzen”. Adibidea jarri du Salinasek: Flandria eskualdeko herritarrek ez dute erantzuten frantsesez hitz egitean; ingelesez —edo beste hizkuntza batean—, berriz, bai. Dena den, Salinasek uste du Belgikako herritarrek “gatazka” umorez hartzen dutela. 2010etik 2011ra, ez zen izan gobernurik herrialdean, alderdiak ez zirelako ados jartzen. “Hemengoek esaten dute urte hori izan zela, politikaren ikuspuntutik, gogoratzen duten urterik onena”.

Politikak, hala ere, garrantzia hartzen du hirian. Europako Batasuneko hiriburua izanik, mugimendu handia du egunero. Turista asko erakartzen ditu, eta hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatzen dituzte parlamentuan. Era berean, hiriaren ikur dira Atomium —argazkikoa—, Manneken Pis eta Grand Place. Gainera, herrialdea txikia da, eta azkar ezagutu du Salinasek: Brujas, Gante, Anberes… Brujas du gustukoen; “ipuin batetik ateratako herria dirudi”.

Behin, Malmedy herria ezagutu zuen Salinasek, ia Alemaniarekin muga egiten duen herri bat. Nafarroan bezala, Belgikako herri gehienek inauterietako pertsonaiak dituzte. Oso bitxiak iruditu zitzaizkion Malmedy herriko pertsonaiak: “Long nez deitzen dira, sudur-luzeak, eta Where is Wally? liburuaren (Non dago Wally?) protagonistaren antzera janzten dira, sudur luzeko maskararekin”. Inauterietan, long nez-ak seiko taldetan banatzen dira, eta biktima bat aukeratzen dute. Haren atzean jarri, eta egiten duen xehetasunik txikiena ere imitatzen dute. “Bakean uzteko, korrika ihes egin behar dute, eta ez badute lortzen, garagardo batera gonbidatu behar dituzte”. Eta benetan dio Salinasek egun osoa igaro dezaketela biktimen atzean.

Milioi bat inguru biztanle ditu Bruselak, eta hizkuntza ugari entzun daitezke. “Kultur aniztasuna da nagusi”. Horrela, askotan, auzoka banatzen dira herritartasunak, eta herrialde guztietako jakiak probatzeko jatetxe ugari daude hirian. Salinasek azaldu du Bruselako biztanleak “ohituta” daudela aniztasunera eta, horregatik, oso irekiak direla. “Beti dute irribarrea ahoan, eta laguntzeko prest daude; iritsi naizenetik, etxean bezala sentitu naiz hemengo jendearekin”, aitortu du. Belgikako jendearekin lan egiten du, baina Euskal Herriko lagunak ditu Salinasek. Izan ere, errazago egiten zaio haiekin harremana izatea; batik bat, kulturarengatik eta hizkuntzarengatik.

Atez ateko zabor bilketa sistema dago Belgikako herri askotan. Bruselan, birziklatzea derrigorrezkoa da 2010. urtetik: “Oso zorrotzak dira atez ateko sistemarekin. Zaborra biltzean, poltsak irekitzen dituzte, eta isunak jartzen dituzte hondakinak nahasten badituzte”. Hala ere, Salinasen iritziko, kaleak beti poltsaz beteta daude; batez ere, taberna eta jatetxe inguruetan, zabor asko sortzen baitute. Birziklatzeko atez ateko sistema modu ona dela uste du Salinasek, baina ez dela oso “higienikoa”, udan bero handia egiten du eta.